Getariako EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, xede argi batekin: portuko amarralekuek interes handia sortzen dute Getariako eta herritik kanpoko ontzi-jabeengan, eta hori ikusita, eskatu dute getariarrei lehentasuna ematea esleipenak egiterako orduan.
Plazaratutako testuan azaltzen denez, 2017ko urriaren 19ko 5330 aginduaren bidez, ontzien amarralekuak emateko prozedura eta horien erabilera arautzen duen dekretua onartu zen. Agindu horrek arauz kanpoko egoera erregularizatu, eguneratu eta amarralekuak erabiltzeko baimena emateko prozedurak arautzea helburu izan arren, "getariar erabiltzaileen artean kezka eta egonezina sortu du, baita beste herrietako portuetan ere". Horren adibide dira, EH Bilduren arabera, "egon diren salaketa judizialak edota tokiko erakundeek herritarrengandik jasotako iritzi eta babes eskaerak".
Mozioan esaten da jendearen ezinegonaren iturburua "aginduaren 14. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak" direla; besteak beste, "zozketa" izango baita amarralekuen banaketa erabakiko duen prozedura, eta "ez ditu kontutan hartuko herriek itsasoarekiko eta portuarekiko duten lotura kultural eta historikoa".
Koalizioak nabarmendu du azken urteetan kirol-portuak sustatu eta kirol-nabigazioa biziberritzeko aurrera eraman dituen proiektuek desoreka sortu dutela kostaldeko herri askotan, eta horren ondorioz, herrietako portuetako errealitatea aldatzen joan dela, Getariakoa barne.
Hala, arazoari irtenbidea aurkitzen saiatzeko borondatea erakutsi dute: "Bide horretan egiten ditugun proposamenak, lehenik, udalean adostu nahi ditugu, eta ondoren, portuko agintariei jakitera eman. Eta noski, 5330 dekretuan beharrezko diren egokitzapenak egiten lagundu nahi dugu".
Proposatzen dute, alde batetik, herritarrek lehentasuna izatea: lehenik, herrian erroldatuta daudenek, eta ondoren, hurrenez hurren, eskualdeko herrietan erroldatutakoek, EAEn erroldatutakoek eta, azkenik, beste autonomia erkidegoetakoek.
Horrez gain, EH Bilduren nahia da "herriaren nortasunaren adierazle" den Getariako portua ondare ondare material nahiz immaterial bezala aitortua izatea: "Portua gure bizimoduaren parte garrantzitsua den heinean, portua eta portuko zerbitzuak, herritarren onurarako izatea nahi dugu".
Azkenik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari eta Euskal Kirol Portuetako agintaritzari eskatu diote Getariako Udal Portuko Batzordea sortzea, dekretuaren moldaketa herriko eragileekin batera egiteko, Portuen eta Itsas Garraioen legeak jasotzen duen bezala.