Orain hilabete eskas jakinarazi zuen herritar talde batek Nerea eta Andoni Pala Memoriala sortu zutela Getarian, iaz zendutako Nerea Iribar eta Andoni Galarraga herritarren omenez. Hilabete geroago, amaitzear da izena emateko epea, eta herritarrek emandako erantzunaz hizketan aritu dira memorialaren antolatzaileetako hiru: Aitor Irigoien, BeƱat Gereka eta Mikel Mujika.
Hirurak gustura dira egitasmoak izandako harrerarekin, hamabi bikotek eman dutelako izena jada, eta lau bikoterentzat bakarrik gelditzen delako tokia. Datorren asteartea da izena emateko azken eguna, eta getariarrak nahiz inguruko herrietakoak animatu dituzte parte hartzera. Doakoa da izen-ematea, eta bi baldintza bakarrik bete behar dira: 16 urte edo gehiago izatea, eta bikotea mistoa izatea. "Pilota elkartekoek, esaterako, asko eskertu digute txapelketa mistoa antolatu izana, emakumeen pilota bultzatzeagatik", esan dute. Badakite baldintza horrek berak mutil bat baino gehiago utzi duela jokatu nahi eta ezinean bikotekidea falta duelako, eta horiei eskatu diete antolatzaileekin harremanetan jartzeko.
Tristuratik alaitasunera
Bestalde, oroimenezkoaren izaera azpimarratu dute. "Nahita ez dugu txapelketa hitza erabili izenean, helburua ez delako lehiatzea, baizik eta kirola eginez eta lagunartean Nerea eta Andoni gogoratzea urtero".
Gaixotasun baten ondorioz hil zen Iribar 39 urterekin, eta bat-batean, berriz, Galarraga, 34 urterekin. Biak ere paletan gustura ibiltzen zirela akordatuta erabaki zuten oroimenezkoa sortzea eta hori urtero egitea. "Ez genuen nahi zerbait puntuala izaterik, ezta zerbait tristea izaterik ere, eta pentsatu genuen polita zela pala memorial bat", azaldu dute. Ezer erabaki aurretik familiarekin hitz egin zuten, eta haien onespenarekin jarri ziren martxan. Oroimenezkoaren irudia Gerekak sortu du, eta hark ere bizitzaren eta alaitasunaren ideiarekin jolastu du, koloreak eta loreak erabilita.
140 elastiko babesleei esker
Irigoien, Mujika eta Gereka oso eskertuta daude kirol egitasmoa antolatzeko jaso duten laguntza guztiagatik. Udalak ez ezik, diruz lagundu dute herriko hainbat saltoki eta enpresak, eta bereziki Galarragak lana egiten zuen Indauxeko langileen babesa sentitu dute. "Egitasmoaren berri izan zutenean berehala eskaini ziguten laguntza", azaldu dute.
Gure Txeru elkartea, Keta futbol taldea, Zarauzko SIZ informatika zerbitzua, Txikota komunikazio taldea, Kabian apartamentuak eta Itxaspe taberna ere aipatu dituzte. "Antolatzaileak ez gara asko, baina babesa handia sentitu dugu, eta horri esker, izen-ematea doan da, eta 140 elastiko tekniko ere banatuko ditugu partaideen eta Nerearen eta Andoniren familien eta gertukoen artean".