Lehorreratzeak eta naufragioak

Aritz Mutiozabal 2022ko maiatzaren 26a

‘Munduari bira eman zion ontzia’ aurkeztu zuten herenegun Joseba Sarrionandia idazleak eta Aristides Hernandez ‘Ares’ ilustratzaileak Getariako Iturzaeta eskolako aretoan.

Joseba Sarrionandia idazleak eta Aristides E. Hernandez Ares ilustratzaileak Munduari bira eman zion ontzia liburua argitaratu berri dute, Pamiela argitaletxearen eskutik eta Elkano Fundazioak babestuta. Lanaren aurkezpen ofiziala astearte goizean egin zuten Donostiako San Telmo museoan, hedapen orokorra eman nahian. Arratsaldean, berriz, tokikotasunari dagokion garrantzia ahantzi gabe, Getarian egin zuten bigarren ekitaldia.

Mundu biraren bosgarren mendeurrenak egundoko oihartzuna hartu du azken hilabeteotan, baina astearte arratsaldean Sarrionandia izan zen herriko marinel zahar kutunena. Bidaia luze baten ondoren Kalaportura lehorreratu zen semea bailitzan, jende ugari hurbildu zen harerengana. Hezur-haragizko mitoarengana. Argi eta garbi zegoen egun horretan Sarri izango zela rock izarra, eta ez horrenbeste Juan Sebastian Elkano.

Ekitaldi nagusia Iturzaeta Herri Eskolako aretoan egin zuten, baina aurretik Gure Txeruren lokalean Aresen margolanekin osatutako erakusketa atondu zuten. Bertan jarri zuten ikusgai ilustratzaileak libururako eginiko lanen aukeraketa tamaina handian: Carlos V.a, Fernando Magallaes, indigenak beren tatuaje tradizionalekin eta sudurrean gurutzea nahiz usb kablea sartuta, Nao Victoria itsasontzia bere belan munduaren mapa irudikatuta duela, eta indigena bat Realeko Illarramendiren elastikoarekin, besteak beste. Bien bitartean, liburua saldu eta saldu, eta Sarrionandia atsegin handiz aritu zen getariarrei aleak sinatzen.

Dinamika berakin jarraitu zuen idazleak Iturzaetako aretoan, liburuaren aurkezpena hasi aurreko minutuetan. Gonbidatuak eseri ziren, eta ikusle andana ere bai. Kresala dantza taldeko lau dantzarik bizpahiru pieza oholtzaratu zituzten ekitaldiari hasiera emateko, eta, jarraian, Haritz Alberdi alkateak eta Pamiela argitaletxeko ordezkari Eli Irazuk hartu zuten hitza hasierako xehetasunak emateko.

"Benetako historia"

Amonaren eta bilobaren arteko elkarrizketa da Juan Sebastian Elkanoren bidaia kontatzeko Sarrionandiak erabili duen moldea. Bilobak ez du ipuinik nahi, "benetako historia" baizik. "Beti aipatzen da bidaia hura abentura polit eta arrakastatsu bezala, baina ongi irakurriz gero, naufragio baten historia da 300dik gora pertsona irten ziren itsasora, eta 21 itzuli ziren. Hamarretik bat hil egin zen", adierazi zuen idazleak. Hari beretik, kapitalismoaren historia naufragio batekin parekatu zuen: "Arrakasta eta diru irabazpide batzuen historia da, baina askoren sakrifizioen gain. Bidaia hau ongi aztertu daiteke gure zibilizazioaren historiaren metafora gisa".

Idazleak argi utzi zuen liburuan ez dagoela Elkanoren irudirik. Haren esanetan, "zirkunstantzien arabera" mugitu zen pertsona bat izan zen: "Une oro irtenbide bila dabilen marinel bat da, eta ez heroi bat". Nolabait esateko, haren hutsunea irakurleak betetzen du irakurketarekin.

Munduari bira eman zion ontzia liburuaren asmoa da 12 eta 16 urte bitartekoentzat irakurgaia izatea, nahiz eta herenegungo aurkezpenean bildutako jendeak nerabetik oso gutxi zuen. "Gure belaunaldiak gaztaroan euskara berreskuratzeko ilusioa zuen. Gizarte erdaldundu batean bizi ginen, euskara debekatuta zegoen espazio publikoetan, eta jaso genuen formazio guztiaren kontra egin, eta euskaraz egiteko ilusio horrekin mugitu ginen. Orain, Euskal Herrira itzuli naizenean, alderantzizkoa ari da gertatzen. Euskararen kontra debeku espresurik ez dago, baizik eta babesa, baina gazteek ilusio handiarekin hitz egiten dute erdaraz. Nire ustez, zerbait gertatzen da, eta beharbada ez dute zer irakurri".

Liburuaren azalean amona eta biloba ageri dira munduko mapa irudikatzen duen lapiko baten gainean. Munduari bira eman zion ontzia izenburuak "nahita" eginiko tranpatxo bat ere badu, izan ere, "ontzia" metafora gisa biribiltzen du liburuaren amaieran. Beraz, spoilerrik ez.

Altxorra

Ares ilustraile kubatarra irribartsu eta txantxan aritu zen agerraldian. Sarrionandiaren liburuetako azalak ilustratu ditu azkenaldian, eta proiektu honetan ere hura izan du itsaslagun. "Hau proiektu handiagoa zen, desberdina, aurrez ez zegoelako ezer diseinatuta. Baina Joseba obsesiboa da bere lanean, eta azkenean, elkarrekin mahai gainean egiten joan gara", kontatu zuen. Elkano eta Magallaesi buruz zerbait zekiela uste zuen hasieran, baina konturatu da "historia errealaz" asko ikasi duela.

Emaitza zoragarria izan dela, eta "altxor ba" dela azpimarratu du Aresek. "Lagunek galdetzen didate ea gazteleraz al den liburua, eta nik ezetz esaten diet. Hori dela euskarak duen abantaila", azaldu zuen barrezka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide