Jessica Ewart-McTigue australiarra eta Austin Carter zeelandaberritarra izan dira bizkorrenak Getariako VI. Triatloian

Onintza Lete Arrieta 2022ko maiatzaren 22a

Beroak markatutako kirol proba izan arren, bizi-bizi egin dute sprinteko triatloia bi atzerritarrek. Aitana Abalos helmugaratu da bigarren emakumezkoetan, eta Olatz Marquet, hirugarren. Gizonezkoetan, Pello Osoro eta Haritz Garate izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Aurreneko getariarra, berriz, Unai Gastañares izan da –emakumezko getariarrik ez da lehiatu aurten–. Sari banaketa hasi aurretik, Irati Idiakez kirolaria omendu du Getaitrik. Beti bezala, kirolariek herritarren animo eta txalo artean burutu dute proba.

353 triatletak egin zuten Getariako VI. Triatloia atzo arratsaldean, larunbata, bero zapa ederrarekin eta herritar eta zale askoren animo artean. Sprint modalitateko proba bizi-bizi joan zen, eta tenperaturak lagundu ez arren, iazko denborak hobetu zituzten aurtengo irabazleek. Austin Carter zeelandaberritarra gailendu zen gizonezkoetan ordubetez azpitik burututa proba: 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletaz eta bost kilometro korrika. 59 minutu eta 34 segundoan egin zuen hori guztia, bigarrenari 31 segundoko aldea aterata. Aipatzekoa da Carter triatleta olinpiko baten semea dela, 2004ko Atenasko Jokoetan urrezko domina irabazi baitzuen horren aitak, Hamish Carterrek. Atzoko sailkapenarekin jarraituz, Pello Osoro izan zen bigarrena –iaz ere bai–, ordubete eta bost segundoko denborarekin. Hirugarrena, berriz, Haritz Garate, 1:00:31 denbora eginda.

Jessica Ewart-McTigue australiarra ere dotore aritu zen emakumezkoetan, eta 1:07:49an amaitu zuen proba, aurtengo garailea bihurtuz. Igeriketako probatik bigarren atera zen australiarra, baina oso bizkor ibili ziren aurreneko hiruzpalau igerian, gizonezkoak uretaratu aurretik urertzean baitziren. Dena den, aise irabazi zuen proba Ewart-McTiguek, bost minutuko aldea aterata bigarrenari. Aitana Abalosek, hain zuzen, 1:13:08 denbora egin zuen. Ia batera helmugaratu zen Olatz Marquet, 01:13:11 denbora eginda.

Aurreneko gizonezko getariarra, berriz, Unai Gastañares izan da aurtengoan. Emakumezko getariar onenaren saria, ordea, hutsik gelditu da, inork ez duelako parte hartu proban.

Beti bezala hasi, omenaldiarekin amaitu

Probaren ibilbidea betikoa izan zen: Malkorbe hondartzan igeri egin, boxetan bizikletak hartu eta Garate igo –igoera kronometratua izan zen–. Han gailurra egin ondoren, Meagatik pasatu eta Oikiaraino joan, Oikiatik Zumaiako saihesbidera iritsi, eta handik Getariara itzuli, kostako errepidetik. Gaztetape hondartzako sarreratik boxetara sartu, eta korrikako proban, bi itzuli eman portua, Gaztetape hondartza, udaletxea, frontoia eta Malkorbe hondartza elkartzen dituen bi kilometroko zirkuituari. Azkenik, Artzapeko zigi-zaga hartuz, Kale Nagusian gora egin, helmugara arte. Ohi bezala, triatletek herritarren eta zaleen animo eta txalo artean egin zituzten azken metro horiek aldapan gora.

Getaitrik boluntario sare handia osatu zuen atzokoan ere proba egin ahal izateko, eta sari banaketaren ondoren parrilada eskaini zien parte hartzaileei. Sari banaketa hasi aurretik, berriz, herritar bat omendu zuten triatloiaren antolatzaileek: Irati Idiakez snowboard egokituko kirolaria. Haritz Alberdi alkateak eta Getaitriko presidente Ibon Arangurenek lore sorta eta triatloi taldeko jantziak eman zizkioten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide