Larunbatean jokatuko dute Getariako VI. Triatloia

Onintza Lete Arrieta 2022ko maiatzaren 18a

16:00etan hasita, partaideek 750 metro egingo dituzte igerian, 20 kilometro bizikletan, eta bost korrika. 2019an jokatu zen azken edizioa, eta Getaitri elkartea "ilusioz gainezka" dago larunbaterako. 370 lagunek eman dute izena.

Larunbat arratsaldean jokatuko da Getariako VI. Triatloia, eta antolatzaileek guztia prest dute "berriro ere Euskadiko egutegia irekiko duen lehen sprint triatloia" egiteko.  Pandemiagaitik bi edizio bertan behera utzi ondoren, "gogo eta ilusio handiz" daude Getaitriko taldekideak. "Aipagarria da herriko laguntza ere, bai erakundeena, bai jendearena. Horien laguntzarik gabe ez lirateke existituko horrelako probak, eta beraz, Getaitriren izenean, denei eskerrak eman nahi dizkiegu", azpimarratu dute.

370 lagunek eman dute izena, 70 emakumezkok eta 300 gizonezkok, eta jada itxita dago izena emateko epea. Beti bezala, hondartzan hasiko da triatloi proba. Badian zehar 750 metro igeri egin beharko dituzte parte hartzaileek, eta Gurutze Gorriaren eraikinaren parean izango da helmuga; bertatik boxetara joango dira –boxak Gurutze Gorriaren aldamenean dagoen aparkalekuan egongo dira–. Igeriketako partearen denbora muga gizonezkoen irteera eman eta 25 minututan jarriko dute.

Igeriketa saioa amaituta, bizikletako txanda abiatuko da: Zumaiarako noranzkoan, portutik irten eta Garate igo beharko da aurrena. Igoera kronometratua izango da. Garaten gailurra egin ondoren, Meagatik pasatu eta Oikiaraino joango dira kirolariak. Oikiatik Zumaiako saihesbidera iritsiko dira, eta handik Getariarantz jarraituko dute, kostako errepidetik. Gaztetape hondartzako sarreratik sartuko dira txirrindulariak boxetara. 20 kilometroko ibilbidea osatuko dute horrela. Bizikletako sektorearen denbora muga, gizonezkoen irteera eman eta ordubete eta 25 minututan ezarriko da.

Azkenik, korrikako proban, bi itzuli emango dizkiote portua, Gaztetape hondartza, udaletxea, frontoia eta Malkorbe hondartza elkartzen dituen bi kilometroko zirkuituari, eta ondoren, azken zati laburrago bat egin beharko dute. Aurten, itzuliak kontatzeko ez dute gomarik banatuko. Hirugarren itzuliaren hasieran, Artzapeko zigi-zaga hartuz, Kale Nagusitik helmugarako bidea hartu beharko dute triatletek, bost kilometroko lasterketa osatuz.

Sariak

Sariei dagokienez, irabazleek 300 euro jasoko dituzte dirutan, eta horrez gain baita txapela, garaikurra eta maillota ere. Bigarren egiten dutenek 200 euro eta garaikurra jasoko dute, eta podiuma osatzen dutenek, berriz, 100 euro eta garaikurra.

Gainera, sailkapenean bost onenen artean gelditzen direnek doan eskuratuko dute hurrengo urtean dortsala.

Azkenik, babesleen bi sari berezi egongo dira, eta biak maillotak izango dira: Txomin Etxaniz saria, bizikletan Garate gainera azkarren igotzen denarentzat –kronometratua–; eta Nardin saria, aurreneko getariarrentzat.

Azken edizioan, 2019koan, Helene Alberdi zumaiarrak eta Ander Okamika lekeitiarrak jantzi zituzten txapelak.

Dortsal banaketak eta irteera orduak

Emakumezkoak abiatuko dira aurrena igeriketa proba egitera, 16:00etan. Gizonezkoak hamar minutu geroago uretaratuko dira.

Sari banaketa 18:15ean izango da, eta amaiera festa giroan egingo dute, parrilladarekin, 19:00etan.

Informazio praktikoari dagokionez, dortsalak 12:00etatik 15:00etara banatuko dituzte, boxak 14:00-15:45 artean irekiko dituzte eta materialen kontrola ere orduan egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide