Arrantzale Egunaren bueltan, Getarian ospakizun giroan dabiltza goizetik, eta eguerdi aldera, bi hitzordu jendetsu izan dituzte. 12:00etan, Karmengo Ama Birjinaren prozesioa egin dute parrokiatik Artzaperaino, eta han, itsasoari begira jarrita, itsas bedeinkapena egin dute, urteroko moduan. Gogoan izan dituzte itsasoan hildako arrantzaleak eta aurten itsasoan dabiltzan marinelak ere.
Bukatutakoan, handik metro gutxira egin dute Emeterio Isasti zenaren omenezko ekitaldia. Hitzorduak elkartu ditu Isastiren senitartekoak, gertuko jendea, udal ordezkariak eta herriko musikariak. Iban Isastik eta Ane Sarasuak hasi dute saioa, eta gitarra eta pianoaren laguntzarekin bi kantu abestu dituzte. Gero, Fernando Txuekaren eta Aritz Alberdi alkatearen hitzartzeak izan dira. Biek ala biek, azpimarratu dute Isastik musika mailan Getariari emandako guztia; izan ere, ofizioz arrantzalea izan arren, txistularia, abeslaria, musikaria eta zuzendaria izan zen Isasti. Herriari emana bizi izan zen, eta horren froga da hainbat urtetan herriko musika banda, txistulari taldea eta korua zuzendu izana. 1983an hil zen Isasti, 90 urterekin. Haren bizitzari aitortza egiteaz gain, ekitaldiko hitzartzeetan nabarmendu dute iragana aztertu eta ezagutzeak duen garrantzia, etorkizun oparo eta hobeago bat eraikitzerako bidean.
Omenduaren bustoa eman dute argitara gero, eta segidan, Gazte Alaiak Txistu taldearen doinuekin, aurreskua dantzatu diote. Amaieran, Gernikako Arbola jo du Getariako Musika Bandak, eta han elkartutakoen artean emozio uneak izan dira.