Antxoa Egunarekin lotutako lehen ekitaldiak atzo hasi zituzten Getarian, ostiralarekin, eta gaur ere goizean goizetik ekintza ugari izan da. Etxeko txikienek itsasoa gertuagotik ezagutzeko beta izan dute portuan, lonjan. Izan ere, itsas esperimentuetan, eskulanetan eta arrantza tailerrean parte hartu du haur andanak, baita sareak ehuten ere.
Helduagoak, berriz, Jubilatuen eta Ezinduen Elkartean batu dira. Pili Manterolak prestatutako itsasoko jaki ugari dastatu ahal izan dituzte uztartze gastronomikoan, eta Mikel Garaizabalek baxurako arrantzaren inguruko azalpenak eman dizkie bertaratutakoei.
Arratsaldean jarraituko du egitarauak. Euskal Mitologia haur jokoak izango dira 18:00etan plazan, eta gero, 20:30ean, Easo abesbatzak emanaldia eskainiko du Salbatore Deunaren elizan. Bihar, berriz, Arrantzale Eguna izango da, eta Karmengo Ama Birjinaren prozesioa eta itsas bedeinkapena izango dira Artzapen. Arrantzale zaharrak omendu ondoren, Emeterio Isastiri aitortza ekitaldia egingo diote 12:30ean.