Arnasa egoki hartzen ikasteko doako ikastaroa emango dute Getarian

Onintza Lete Arrieta 2022ko maiatzaren 7a

Astean bitan elkartuko dira parte hartzaileak maiatzaren 30ean hasi eta ekainaren 22ra arte Itxas Etxe elkartean. Herritar guztiei zuzendutako ikastaroa da, eta besteak beste, erlaxazio teknikak irakatsiko dituzte.

Egoki arnasten ikasteko doako ikastaroa eskainiko dute Getarian maiatzaren 30etik ekainaren 22ra. Edonork har dezake parte, eta saioak Itxas Etxe elkartean izango dira, jubilatuen elkartean.

Astean bi hitzordu izango dira, astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara, eta izena emateko epea zabaldik dago maiatzaren 20ra arte; interesa duenak udaletxera bertaratu beharko du.

Ikastaroan honako bost helburuak landuko dituzte: gorputzak nola arnasten duen ikastea; arnasketa egokia nolakoa den ezagutzea; arnasketa kontrolatzen ikastea; erlaxatzen ikastea; eta estresa eta antsietate egoerak baretzeko eguneroko errutinak barneratzea.

Helburu horiek lortzeko meditazioa eta arnasketa teknikak landuko dituzte, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide