Aitortza ugarirekin hasi dute Antxoa Eguna

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 6a, 16:23

Itxas-Etxe jatetxeko arduradun izandako Isabel Etxeberria eta Imanol Odriozolari, 'Esperanza del Mar' itsasontziko kapitain Gonzalo de la Vega eta Itsasoko Gizarte Institutuko zuzendari Cristina Gil Perezi, eta portuan urte luzez lanean ibilitako Edurne Guridi enpresari erretiratuari omenaldia egin diete goizean, Antxoa Egunari hasiera dotorea eman dion ekitaldian.

 

Omenaldi eta aitortzekin hasi dituzte datozen hiru egunetan jarraipena izango duten Antxoaren Egunaren bueltako ekitaldiak gaur goizean, Getarian. Arrantzaren munduko hamaika lagun bildu dira gaur Balenciaga museoan: arrantzaleak, portuko langileak, kofradietako kideak, saregileak... baita politikariak ere. Oihane Mateos kazetariak egin ditu aurkezle lanak gaurko ekitaldian, eta Haritz Alberdi Getariako alkatea izan da hitza hartzen lehena. Getaria "arrantzari begira eraiki eta garatu den herria" dela nabarmendu du, eta arrantza "ekonomiarako bidea baino gehiago" dela Getariarrentzat. Horrez gain, tokian tokikoa eta sasoian sasoikoa kontsumitzearen aldeko mezua plazaratu du. 

Omenaldien txanda etorri da segidan. Hasteko, Isabel Etxeberria eta Imanol Odriozola urte luzez Itxas-Etxe jatetxeko arduradun izandakoek jaso dute aitortza. Emeterio Urresti Getariako arrantzaleen kofradiako presidentearen eskutik jaso dituzte lore sorta eta oroigarria, eta beren gertukoenen testigantzak jasotzen zituen ikus-entzunezko bat eskaini dute jarraian. Etxeberriak hunkituta eman ditu eskerrak omenaldiagatik, eta bai berarentzat, bai Odriozola senarrarentzat "oso gauza handia" dela azaldu du. 

Jarraian, Esperanza del Mar itsasontziko kapitain Gonzalo de la Vegari eta Itsasoko Gizarte Institutuko zuzendari Cristina Gil Perezi egin diote aitortza. Itsas sorospeneko ontzia da Esperanza del Mar, eta martxan denetik arrantzaleei eskainitako babesa eta laguntza eskertu nahi izan dituzte omenaldian. Izatez, ontzia Getariako portura eraman eta bertan ate irekiak egitea zen asmoa, baina une honetan portuan egiten ari diren obrak direla medio, ezin izan du porturatu ontziak. Getaria eta Zarautz arteko uretan dago uneotan. 

Azkenik, Edurne Guridi enpresari erretiratuari egin diote omenaldia. Handizkako merkataritzan jardun da urte luzez Getariako portuan Guridi, eta haren ibilbide profesionala eta portuari egindako ekarpena eskertu nahi izan dizkiote. Arantxa Tapia Ingurumen, Ekonomia Garapen eta Jasangarritasun sailburuak eman dizkio lore sorta eta oroigarria Guridiri. Sailburuak bere hitzartzea baliatu du eskerrak emateko arrantzaleei, azken bi urteetan geratu gabe lanean jarduteagatik, "lehorrean geratzen garenok" kalitatezko arraina izan dezagun. 

Ekitaldia borobiltzeko, Agurra dantzatu die Nerea Kamio Gure Txeru taldeko dantzariak omendu guztiei, eta Salbatore abesbatzak Antxoaren Ereserkia eta Boga Boga abestiak abestu ditu. 

Asteburua, ekitaldiz beteta

Izenak berak ongi dioen moduan, antxoa izango da gaurko protagonista. Arratsaldean, 18:30etik aurrera, txistulariek eta dantzariek girotuko dute herria, eta 19:00etatik aurrera antxoa dastaketa izango da frontoian. 

Larunbatean eta igandean ere ez da zereginik faltako Getarian: umeentzako jolasak, erakusketa, herriko taldeen emanaldiak eta beste hainbat ekintza izango dira. Igandean, gainera, Arrantzaleen Eguna izango da, eta arrantzale zaharrei eta Emeterio Isastiri aitortza egingo diete, besteak beste. Ikusi asteburuko egitarau osoa hemen. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide