Elan-Euskadik lau hitzaldi eskainiko ditu datorren astean Getarian

Onintza Lete Arrieta 2022ko maiatzaren 5a

Immigrazioa eta Sahara izango dituzte hizpide, besteak beste, eta hizlarien artean daude Odon Elorza PSE-EEko diputatua Espainiako Kongresuan, Ion Aranguren Irungo harrera sareko arduraduna, M. Limam Mohamed Ali Frente Polisarioaren Euskadiko ordezkaria eta Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko kidea.

Elan-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak hitzaldi sorta antolatu du datorren asterako, hau da, maiatzaren 9an, astelehena, hasi eta ostiralera arte. Getarian izango dira hitzaldiak, Ulpiano aretoan, 19:00etan hasita –azken hitzaldia, berriz, 19:15ean hasiko da–.

Migrazioa izango dute hizpide bi hitzalditan, eta hizlari banak hartuko du hitza horietan; Ion Aranguren Irungo harrera sareko arduradunak hizpide izango du Bidasoako mugetan ikusten ari dena, eta Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak, berriz,  migrazioaz eta babesaz hitz egingo du.

Beste bi saioak, berriz, mahai inguru edo elkarrizketa formatukoak izango dira, bina hizlari izango baita saio bakoitzean: munduan zeharreko enpresa ibilbideaz ariko dira Imanol Lizartza eta Jon Otaegi, eta azken saioan, Mendebaldeko Sahara izango dute hizpide Odon Elorza PSE-EEren Espainiako Kongresuko diputatuak eta M. Limam Mohamed Ali Frente Polisarioaren Euskadiko ordezkariak.

EGITARAUA

  • Maiatzak 9, astelehena: Migrazioa Bidasoako mugan. Hizlaria: Ion Aranguren Irungo harrera sareko arduraduna.
  • Maiatzak 10, asteartea: Enpresa saltsetan, munduan zehar. Hizlariak: Imanol Lizartza eta Jon Otaegi.
  • Maitzak 12, osteguna: Migrazioa eta babesa (gaztelaniaz). Hizlaria: Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko kidea.
  • Maiatzak 13, ostirala: Mendebaldeko Saharaz eztabaida irekia (gaztelaniaz). Hizlariak: Odon Elorza PSE-EEren Espainiako Kongresuko diputatua eta M. Limam Mohamed Ali Frente Polisarioaren Euskadiko ordezkaria

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide