Abuztuaren 6ra bitartean jokatuko diren binakako esku pilota txapelketak aurkeztu dituzte gaur Getarian. Gure Txeru Pilota Elkarteak Getariako Udalarekin batera antolatuta, hiru txapelketa izango dira: gizonezkoen XXIV. Salbatore Txapelketa, emakumezkoen V. Elkano Saria, eta haurren txapelketa. Gizonezkoena astelehenean abiatuko da; emakumezkoena eta haurrena, aldiz, ekainaren erdi aldera.
Orduko osasun egoerak hala baldintzatuta, parte-hartzaile kopurua murriztuarekin jokatu ziren iazko esku pilota txapelketak Getarian, "dena kontrolpean" izateko. Birusa oraindik bueltaka bada ere, egoera oso bestelakoa da aurten, eta txapelketak normaltasunarekin jokatuko direla espero dute antolatzaileek.
80 bikotek hartuko dute parte XXIV. Salbatore Txapelketan. Ohi bezala, hiru kategoriatan jokatuko da txapelketa: kadete, jubenil eta 23 urtez azpikoen kategorian. Astelehenean jokatuko dira lehen partidak, eta aurreikuspenak betetzen badira, abuztuaren 6an jokatuko dira azken partidak –egun berean jokatu da emakumezkoen Elkano sariko finalak ere–. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurreko edizioetan baino bikote gutxiagok eman dute izena, eta horregatik maiatzean zehar bi jardunaldi izango dira astero: astelehenetan eta asteazkenetan, 19:00etan, herriko pilotalekuan (eguraldi txarra egiten badu, kiroldegiko frontoian jokatuko dira partidak). Ekainetik aurrera, hiru jardunaldi izango dira astero: astelehen eta asteazkenekoez gain, larunbat arratsalderan izango dira norgehiagokak.
Emakumeen V. Elkano Saria, berriz, ekainaren erdi aldera hasiko da, eta abuztuaren 6an bukatu. Bi kategoriatan banatuko da txapelketa hau: promesak eta elite kategoriatan, hain zuzen ere. Lehen kategoria horretan, promesatan, hiru bikote arituko dira txapelaren bila, eta elitean sei bikote, bi multzotan banatuta.
Umeen Elkano Saria ere antolatuko dute aurten. Emakumeek bezala, hauek ere ekainaren erdi aldera ekingo diete lanari, kasu honetan, hiru kategoriatan banatuta: benjaminak, kimuak eta infantilak. Kategoria bakoitzean zortzi bikote arituko dira, eta antolatzaileek azaldu dutenez, Urola Kostako herrietako pilotariak arituko dira Getariako frontoian: Getariako, Orioko, Zumaiako, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko pilotari gazteak, hain zuzen.