Badatoz San Prudentzio jaiak Getariako izen bereko auzora. Ostiral eta larunbat honetan ospatuko dituzte festa kutunak, eta egitarau berezia antolatu dute aurtengorako. Izan ere, ostiral gauean umorea izango da nagusi traktoburgerra-rekin eta Prowrestling Euskadi Show ikuskizunarekin eta Lapulapu sariarekin.
Antolatzaileek azaldu dute zer den hori, eta goiko bideoa ere zabaldu dute sare sozialetan: "Lapulapu da antzerki moduko bat, non bi pertsonek elkarren aurka borroka egiten duten, elkar joz eta, koreografia batean. Barakaldoko eta Madrilgo batzuk etorriko dira ikuskizuna eskaintzera beren ring-arekin". Eta hori "americanada" iruditu zitzaienez, horren osagarri traktoburgerra jarriko dute, hau da, traktore zahar bat hartu eta han hanburgesak eta egingo dituzte auzotarrek afaltzeko borroka libreko sariketa ikusi bitartean.
Ikuskizun mota hori aukeratzearen arrazoiei dagokienez, zera esan dute: "Ikusita euskal gazteen artean boxeoa nahikoa modan zegoela, nahi genuen zerbait egin arriskurik ez zeukana baina berria izan zitekeena eta arraroa horrelako auzo baterako. Geu ere zain-zain gaude ea zer eskainiko diguten, baina uste dugu polita aterako dela".
Beste urteetan, mus txapelketa egin ohi zuten ostiral gauean, eta ez dute baztertu hurrengo urteetan berreskuratzea hori. "Festetako egitarauak prestatzerakoan gure antzeko auzoetan fijatzen ginen, eta horregatik hasi ginen ostiral gauetan musa egiten. Baina konturatu ginen geuk ez genuela parte hartzen, eta zela besteei eskainitako zerbait. Auzo osoak ondo pasatzeko zerbait berria egin nahi genuen, eta proba bezala egin dugu aldaketa. Horrek ez du esan nahi hurrengo urteetan musik egingo ez dugunik, ikusiko dugu", esan dute.
Larunbaterako ere egitarau zabala dute prest, eta adin guztietako herritarrekin pentsatu dute.
EGITARAUA
Etzi, ostirala
- 21:30: Lapulapu saria. Prowrestling Euskadi show eta traktoburgerra
Apirilak 30, larunbata
- 11:00: Altxorraen bila jokoa Urritza aisialdi taldearekin (HH4, HH5 , LH1 eta LH2ko umeentzat)
- Bitartean: txaranga giroa alaitzen
- 13:00: Gure Txeruren dantza emanaldia
- 14:30: bertso bazkaria Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin (sarrerak agortuta daude)
- Ondoren: Naparjito festa: TikTara, Malakias eta Maixa