Egun handia izango dute 2022ko irailaren 6a Getarian. Egun horretan Elkanoren Lehorreratzea irudikatuko dute. Aurtengoa, baina, ekitaldi berezia izango da, ehun urte beteko direlako Lehorreratzea antzezten hasi zirenetik. Urteurren berezia izanda ere, ohiturari jarraituz, getariarrek segituko dute pertsonaia desberdinak gorpuzten.
Izango dira, ordea, berrikuntzak, Getariako Udalak azaldu duenez. Hala, orain 500 urte Victoria ontzian etorri ziren hiru indigenen papera egiteko hiru lagun beharko dituzte. Bestetik, kontinenteak adin desberdineko lauzpabost pertsonak ordezkatuko dituztela azaldu du Udalak, eta horretarako hogei pertsona inguru beharko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Azkenik. karroza-gidari lanetarako beste hamar herritar ere beharko dituela adierazi du udalak.
Indigenen papera egiteko, baldintza batzuk bete beharko dituzte interesdunek: Getarian erroldatua izatea (gutxienez 2022. urtearen hasieratik), edo Getarian jaioa izan, baina kanpoan bizitzea. 1987 eta 2004. urteen artean jaiotako pertsonak izango dira, eta gertaera hau antzezteko itxura fisiko egokia izan beharko dute.
Kontinente edo karroza-gidari lanak egiteko, hauek izano dira bete beharreko baldintzak: Getarian erroldatuta egotea (gutxienez 2022. urtearen hasieratik), edo Getarian jaioa izatea eta kanpoan bizitzea. Adin tarte guztietako herritarrak parte hartu ahal izango dute.
Interesdunek udaletxean edo turismo bulegoan eman ahal izango dute izena, bihartik –apirilaren 27a– maiatzaren 11ra bitartean. Izena emango dute guztien artean zozketa egingo dute maiatzaren 14an, eguerdiko 12:00etan, Getariako udaletxeko pleno aretoan.