"Nerea Iribar eta Andoni Galarragaren lagunak gara. 2021ean hainbeste maite eta estimatzen genituen bi lagun oso on galdu genituen, oso gazterik, eta kolpe gogorra izan zen inguruko guztiontzat. Nerea zein Andoni kirolzaleak ziren, eta biek konpartitzen zuten afizioetako bat ziren palak. Hori horrela, 2022 honetan hasita, urtero bien omenaldi modura, pala memoriala antolatuko dugu herrian. Kirola eginez, elkarrekin elkartu eta gure lagunekin oroitzeko, omenaldi polit bat eskainiz eurei". Hitz horiekin abiatzen da getariar batzuek komunikabideetara bidalitako oharra. Nerea eta Andoni Pala Memoriala sortu dute Getarian, eta ekainaren 11n jokatuko da.
"Pala memorial honen bidez, gure arteko laguntasunak loratzen jarraitzea nahiko genuke, eta goiz-pasa polit eta hunkitu bat igaro. Memorian eta bihotzetan mantentzen den inor ez baita inoiz guztiz hiltzen...", esan dute.
Memorialaren ezaugarriak:
-
Pala memoriala ekainaren 11n izango da, 09:30ean hasita.
-
Goiz bateko jarduera izango da, eta 15:30 alderako amaitzea aurreikusten da.
-
Eguraldia lagun, herriko frontoian burutuko da. Baina eguraldi txarra balego, kiroldegian izango litzateke.
-
Bikote mistoek hartu ahal izango dute parte, hau da, neska eta mutil batez osatuek.
-
16 urtetik gorako edonork hartu ahalko du parte.
-
Partidak kanporaketa bidezkoak izango dira. Hau da, irabaziz gero aurrera jarraituko luke bikoteak, eta bestela kalean geratuko lirateke.
-
Gehienez 16 bikotek parte hartu ahalko dute.
-
Guztira 15 partida izango ditu memorialak: 1/8etako 8 partidu + 1/4etako 4 partidu + 1/2etako 2 partida + Finala
-
Parte hartzaile kopuruaren arabera, partidak 10, 12 edo 16 tantora izango dira.
-
Epaile bat egongo da memorialean, zalantzazko jokaldiak argituko dituena.
-
Haurrentzako txoko bat ere jarriko da frontoian, familian gerturatu nahi dutenek erraztasunak izan ditzaten.
Izen-emateak
Txapelketan parte hartzeko epea maiatzaren 4an zabalduko dute, eta 31n itxi. Doakoa izango da, eta helbide elektroniko honetara idatzi beharko da izena emateko: palamemoriala@gmail.com. Jakinarazi dute izena ematerakoan, bi partaideen izen-abizenak, telefono zenbaki bat eta elastikoaren neurria zehaztu beharko direla. Azkenik, izen-emateak ordenaren arabera onartuko direla azaldu dute. Hau da, izen-ematen lehenak diren 16 bikoteek hartu ahalko dute parte.
Opariak eta laguntzaileak
Opariak ere izango dira parte hartzaileentzat. Batetik, denek jasoko dute espreski memorialerako egindako elastiko teknikoa. Horrez gain, finalera iristen diren bi bikoteek, memorialeko laguntzaileek eskainitako detaile bana jasoko dute.
Laguntzaileak honakoak dira: Getariako Udala, Getariako Keta, Itxaspe taberna, Kabian, SIZ, Txikota ikus-entzunezkoak, Gure Txeru eta Indauxeko langileak.