Adin Bizi egitasmoak hasi du bidea

Onintza Lete Arrieta 2022ko apirilaren 6a

65 urtetik gorako getariarrek zerbitzu berria dute, astean bitan elkartu eta, begirale baten laguntzarekin, askotariko jarduerak egiteko. Astelehenean egin zuten aurreneko saioa, eta udalak jakinarazi du izena emateko epeak zabalik jarraitzen duela.

Astelehen honetan egin dute Getarian Adin Bizi programa berriko lehen saioa 65 urtetik gorako hainbat herritarrek. Udalak, Jubilatuen eta Ezinduen Elkarteak eta Kiroldegiak elkarlanean sortu dute zerbitzua,  65 urtetik gorako herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Hala, astean bitan –astelehenero eta asteazkenero, uztailaren 28ra arte– ordu eta erdi inguruz bilduko dira eta, Lore Murua kiroldegiko langilearen laguntzarekin, askotariko jarduerak egingo dituzte: irteerak, mantentze gimnasia, luzaketak, arnasketaren lanketa, musika, zoru pelbikoaren lanketa, memoria ariketak, jolasak, sukaldaritza, ariketa fisikoa eta abar.

Udalak jakinarazi du izena emateko epeak zabalik jarraitzen duela, eta animatzen denak udaletxera edo Jubilatuen eta Ezinduen Elkartera bertaratu beharko du, eta izena ematearekin batera, bost euro ordaindu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide