Gastronomiako 100 Gazte Talentu ekimena orain bi urte sortu zuen Basque Culinary Centerrek, "gastronomiaren diziplina anitzeko begirada garaikidea" duten 30 urtetik beherako gazteak erakartzeko asmoarekin. 2020an ehun laguneko lehen zerrenda osatu zuen, eta aurten, 2022an, beste ehun lagunez osatutako bigarren zerrenda bat aurkeztu du.
Donostiako sukaldaritza eskola honen arabera, "sektorearen arrakasta lortzeko, ideia, balio eta lehentasun berriak dakartzaten talentu berri horiek erakarri, integratu eta aprobetxatu behar dira". Hori lortzeko, "etorkizuneko gastronomia gidatuko duten figura profesional berriak aintzatetsi eta horiei ahotsa eman nahi izan die beste behin ere". Basque Culinary Centerren arabera, ehun laguneko "zerrenda eratzeko espirituan dago ekin edo berritzeagatik, erakundean zeregin aipagarria edo lanbide-proiekzioa izateagatik, aintzatespenen bat jasotzeagatik ala sektoreari ekarpen interesgarri edo disruptiboren bat egiteagatik beren arloetan nabarmentzen ari diren gazte profesionalak identifikatzea".
Jatetxeetan aritzen direnak bakarrik ez, zerrenda honetan beste jarduera batzuetan aritzen diren gazteak ere hautatu dituzte. Gutxi gorabehera, zerrendaren herena jatetxeetako langileak, baina badira jatetxeak edo bestelako negozio-motak ireki dituzten ekintzaileak, ardoaren sektorean lan egiten duen jandea edo okinak. Baita nekazari, artzain edo arrantzaleak ere.
Horietako bat da Joel Uranga getariarra, ehun gazteren zerrendan sartu den arrantzalea. Txikitatik, arrantzarako grina bizi, ikasi eta garatu du Urangak Getarian eta Izaskun Berria ontzian. Bere aitona, aita eta bera Marine Stewardship Council (MSC) gobernuz kanpoko erakundearen enbaxadore urdin bihurtu dira. Arrainn kontsumo iraunkorra sustatzea du helburu erakunde horrek.