Bi urteren ondoren, atzo, larunbata, ospatu zuten Getarian Alkate Txiki Eguna. Haritz Alberdi alkateak Nhoa Eddarbiri eman zion agintea atzoko egunez, eta harekin izan ziren Iker Barrenetxea, Ixel Zumeta, Elene Iribar, Izaro Urdangarin, Intza Esteban eta Uxue Azkue zinegotzi gisa.
Jolasak, batzarra, buruhandiak eta afaria izan zituzten atzoko egitarauan, eta festa giroan ospatu zuten herriko txikienek beraien eguna. Jolasen ondoren, udalbatzar aretoa goraino bete zen, eta Lehen Hezkuntzako maila bakoitzeko haurrek egindako galderak erantzun zituzten agintari txikiek egin zuten osoko bilkuran. Udaletxetik aterata, buruhandiekin jolasteko aukera izan zuten herriko umeek, eta eguna Berdura plazan egin zen afariarekin amaitu zuten.