Erabaki dute zer aldaketa izango dituen aurtengo Elkanoren Lehorreratzeak

Onintza Lete Arrieta 2022ko apirilaren 1a

Irailaren 6ko Elkanoren Lehorreratzean hiru aldaketa egitea adostu dute Getariako Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek –EH Bildu eta EAJ– eta udaleko teknikariek, Elkano Fundazioko ordezkariek eta partaidetza prozesuan parte hartu duten lau herritarrek.

Irailaren 6an antzeztuko dute Elkanoren Lehorreratzea Getariako kaleetan zehar. Mendea beteko da aurrenekoz antzezlana egin zutenetik, eta Mundu biraren 500. urteurrena ere aurten da. Urteurren berezi horiek aitzakia hartuta, udalak mahai gainean jarri zuen iaz gaiaz hausnartzearen beharra. Hori dela eta, azken hilabeteetan parte hartzean oinarritutako prozesua egin dute herrian hainbat eragile eta norbanakorekin. Prozesu horren azken emaitza da orain jakinarazi dutena: zer aldaketa izango dituen aurtengo Lehorreratzeak.

Udalak jakinarazi du aldaketak antzezlanaren hiru eremutan egongo direla, baina azpimarratu du "ekitaldiaren esentzia zaindu" egingo dutela.

Aurreneko aldaketa antzezlanaren hasierarekin batera etorriko da. Itsasotik hemezortzi tripulante lehorreratu ordez, 21 izango dira aurtengoan. "Beti izan duen solemnitate mezua mantenduta, orain dela 500 urte hemezortzi tripulanteekin etorri ziren jatorrizko herrietako hiru pertsonengan zentratuko da zati hori. Ibilbideak, gainera, bi zati izango ditu. Lehenengoan, bidaiaren gogortasuna adieraziko da, eta bigarrengoan, elizan, hemezortzi tripulanteek Amabirjinari egin zioten promesa". Hiru indigenek ez dute parte hartuko dira elizako pasartean; "Pia-Pian geldituko dira, eta ondoren antzezpenean jarraituko dute".

Bigarren aldaketa kontinenteen ordezkaritzaren inguruan egin dute. "Kontinenteak adin desberdinetako pertsonek ordezkatuko dituzte, garai hartako jantzi eta elementuekin. Europako ordezkaritza Getaria izango da herriari keinua eginez. Pertsonaietako bat, berriz, Elkanoren ama izango da, bere lan, abilezia, jakintza etab. mahaigaineratzeko", azaldu dute.

Antzezpenaren azken zatian egingo dute hirugarren aldaketa, eta tokia izango da berria. Izan ere, amaiera plazan egin beharrean, Elkanoren Monumentura egingo dute bidea, eta han herriak Elkanori egiten dion aitortza irudikatuko dute. "Elementu sinboliko baten bitartez, mundu anitza irudikatuko da eta Gora Elkano kantatu".

Xehetasun gehiago ere bai

Aldaketa nagusiak aipatutako hiru horiek izan arren, laugarren aldaketa txiki bat ere egongo da, megafoniatik eta esku-orrietan zabalduko den mezua berritu egingo dutelako "azken urteetan egin den lanketa barneratzeko".

Gainera, udalak azpimarratu du "partaidetzaren eta parekidetasunaren aldeko apustua" egiten duela, eta hala, antzezlaneko hainbat pertsonaia zozkatu egingo direla, parekidetasuna zainduz. Besteak beste, kontinenteetako ordezkariak, karroza mugituko dutenak, tripulanteen artean egon daitezkeen hutsuneak eta indigenen papera antzeztuko dutenak aukeratuko dira zozketa bidez.

Iaz hasitako partaidetza prozesuak hainbat urrats izan ditu, 23 lan saio egin dituzte denera, eta 80 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte "uneren batean". Orain hartutako azken erabakiaren arduradunak, berriz, udalean ordezkaritza duten bi alderdietako kideak, teknikariak, Elkano Fundazioko partaideak eta partaidetza prozesuan ibilitako lau herritar izan dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide