Getariako Udalak, Jubilatuen eta Ezinduen Elkartearekin eta Kiroldegiarekin elkarlanean, Adin Bizi egitasmoa jarri du martxan, 65 urtetik gorako herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Formula sinplea proposatzen du horretarako: parte hartzaileak astean bitan elkartuko dira, eta ordu eta erdi inguruz eta begirale baten laguntzarekin, askotariko jarduerak gauzatuko dituzte; hala nola, irteerak, mantentze gimnasia, luzaketak, arnasketaren lanketa, musika, zoru pelbikoaren lanketa, memoria ariketak, jolasak, sukaldaritza, ariketa fisikoa eta abar.
Adin Bizi egitasmoarekin, adineko herritarrak etxetik ateratzera eta elkarren artean harremanak egitera bultzatu nahi ditu udalak, horren beharra dutela iritzita. Izan ere, 65 urtetik gorako 217 herritarri egindako galdeketan, "bakardadea eta jarduera fisikoa egiteko lagunarte baten falta" sumatzen dituztela erantzun zuten elkarrizketatuetako askok. Udalak duela aste batzuk argitaratu zituen herrian egindako inkesta horren emaitzak, eta Adin Bizi da herritarrek adierazitako beharrei aurre egiteko sortu duen lehen bitartekoa.
Pandemiaren ondorioak
Lore Murua Getariako Kiroldegiko langilea da, adinekoei pilates eta yoga eskolak ematen dizkie, eta bera arduraduko da Adin Bizi egitasmoko saioak gidatzeaz ere. Beharrezko ikusten du horrelako zerbait herrian martxan jartzea, pandemia dela eta, jubilatu askok utzi egin diotelako lehen egiten zituzten gauzak egiteari. "Esate baterako, kiroldegian jarduerak eskaintzen jarraitzen dugu, baina lehen baino askoz jende gutxiago etortzen da orain, beldurra dutelako, eta pena da, gorputzerako ez ezik, bururako ere oso ondo etortzen zaielako taldean jarduerak egitea".
Adin Bizin egingo dituzten saioen inguruan, kezkarik ez izateko esan du, eta beldurrik gabe izena emateko deia egin du. "Inork ez dezala pentsatu egin ezin duten ezer egiten jarriko ditugunik, taldean erabakitako jarduerak izango dira, denentzat gustagarriak eta atseginak. Asmoa bada gorputza eta burua lantzeko ariketak egitea, baina beste ezeren gainetik, saio hauen helburua izango da astean bitan zerbait egiteko ohitura hartzea eta jendearekin egotea eta harremanak lantzeak".
Egitasmoan parte hartu nahi dutenek bihar arteko epea dute izena emateko. Horretarako, Jubilatuen eta Ezinduen Elkartera edo udaletxera joan beharko dute, eta izena ematearekin batera, bost euro ordaindu. Taldea osatzea lortzen badute, aurrenengo saioa apirilaren 4an egingo dute, eta hortik aurrera, astelehenero eta asteazkenero elkartuko lirateke, uztailaren 28ra arte.