I. Padel Txapelketa antolatu du Getariako kiroldegia kudeatzeaz arduratzen den Kirolgune enpresak Khaosa enpresarekin batera. Hala, nahi dutenek aukera izango dute asteburuetan padelaz gozatzeko apirilaren 9tik aurrera. Izena emateko epea zabalik dago, eta txapelketa hasi arte egongo da ia-ia; apirilaren 6ra arte, alegia.
Getariako Udalak pandemia garaian berritu zuen kiroldegiko padel pista, eta horrekin lotu du Jose Ignacio Atorrasagasti kiroldegiko kudeatzaileak txapelketaren sorrera. "Padel pista berria daukagu, estalitakoa, toki onean, eta zoragarri gelditu da. Arrakasta handia ari da edukitzen, eta herritarrek ez ezik, zumaiarrek eta zarauztarrek ere erabiltzen dute", azaldu du. Horregatik "animatu" dira txapelketa antolatzera aurreneko aldiz. "Asteburuetan ez da horrenbeste jende ibiltzen pistan, eta pentsatu dugu txapelketa egiteko aprobetxatzea". Larunbatetan eta igandeetan jokatuko dituzte partidak.
Atorrasagastik jakitera eman duenez, txapelketaren iraupena izena ematen duen bikote kopuruaren araberakoa izango da. Izen ematea doakoa da, eta jokatzen diren partidak ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek. Izena emateko bete beharreko baldintza bakarra 16 urte beteta edukitzea da, eta ordezko partaide bati izena emateko aukera ere emango dute, «txapelketak aurrera egiteko erraztasun gehiago izateko eta talde gehiagok izena eman ahal izateko». Txapelketa abiatzeko, gutxienez hamar taldek eman beharko dute izena.
Sariak irabazleentzat
Parte hartu nahi dutenek izena online eman beharko dute derrigorrean, kiroldegiak atera dituen karteleko QR kodeak eskaneatuta. Oinarriak ere bertan daude irakurgai, baita urolakosta.hitza.eus webguneko albiste honetan ere. Sareko aipamen horrekin lotuta, Atorrasagastik nabarmendu du padeleko erabiltzaileentzat eskura jarri dituztela ahalik eta erraztasun gehienak. Esaterako, app bidez hartzen dute ordua pista alokatzeko, eta pistako argiak ere app horri esker itzaltzen dituzte.
Txapelketari dagokionez, sarien berri ere eman dute antolatzaileek. Aurreneko hiru bikoteentzat egongo dira sariak: irabazleek bi pertsonentzat Kaia-Kaipe jatetxean otordua eta hamar aldiz padel pista ordu eta erdiz doan alokatzeko aukera edukiko dute.
Bigarren egiten dutenek, hamar aldiz padel pista ordu eta erdiz doan alokatzeko aukera izango dute; eta hirugarrenek, bost aldiz doan alokatzekoa.