Datozen egun edo asteetan sinatuko dute hitzarmena Getariako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoak. Hala, bi erakundeak elkarlanean ariko dira etxejabeak bultzatuz Getarian gaur egun dauden etxebizitza hutsak alokairuan jartzera.
Haritz Alberdi alkateak eta Patricia Ainhoa Val Alokabideko zuzendari nagusiak sinatuko dute akordioa. Alberdik jakitera eman duenez, Getarian ia 300 etxe daude hutsik gaur-gaurkoz. «Getariako Udalak herrian dauden etxebizitza hutsen inguruko datuak eguneratu zituen 2021. urtean, eta 280 etxe huts zeudela ondorioztatu zuen. Azken urte honetan, kopuru horrek gora egin du, eraiki berri diren etxeen ondorioz; hori dela eta, une honetan, 295 etxe inguru daude hutsik Getarian». Kopurua altua da oso, kontuan izanda herrian 1.451 etxebizitza daudela guztira. Alegia, etxebizitza guztien %20,33 daude hutsik.
Alberdiren arabera, «etxebizitza hutsen kopuru altuak kezkatuta», Getariako Udala Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri zen, egoeraren berri eman eta elkarrekin zer esku-hartze egin zitekeen aztertzeko. Lankidetzari esker, lanketa bat egingo da, herrian dauden etxebizitza hutsetan «mugimendua sortzeko eta beharra duten herritarrei alokairu aukerak emateko».
Hala, Bizigune Etxebizitza Hutsen Programaren bitartez, hutsik dauden ahalik eta etxebizitza gehien eskuratzen saiatuko da Eusko Jaurlaritza, eta gero, alokairu babestuaren bidez, etxebizitza horiek merkaturatzen. «Programa horren bitartez, erabilera soziala eman nahi zaie herrian hutsik dauden etxeei. Horri esker, beren baliabide ekonomikoekin merkatu librean sartzeko aukerarik ez duten pertsonek etxebizitza duin bat arrazoizko prezioan eskuratu ahal izango lukete», iritzi dio alkateak.
Hainbat abantaila
Programa horrek etxejabeei eskaintzen dizkien abantailen berri ere eman du: etxea sei urterako alokatuta egotearen bermea ematen du, baita hilero dagokion datan ordaintzea ere. Horrez gain, etxebizitza egokitzeko eta prestatzeko laguntza ematen du, baita aseguru baten kontratazioa eta etxebizitzaren mantentze lana ere. «Finean, segurtasun juridiko eta ekonomikoa ematen die kasuan-kasuan sortzen diren lagapen-harremanei».
Alberdik jakinarazi du bi erakundeek hainbat egitasmo jarriko dituztela martxan datozen hilabeteetan elkarlanean, etxe hutsen jabeak programa horrekin bat egitera bultzatzeko. Besteak beste, gutun bana bidaliko zaie etxejabeei, eta, horrez gain, informazioa banatu eta programan parte hartzeko eskaera-orriak zabalduko zaizkie interesa dutenei. «Alokabideko arlo sozialaren eta Getariako Udaleko Gizarte Zerbitzuen arteko esku-hartze koordinatua ere bultzatuko da, unean-unean sor daitezkeen behar larriko egoeretan».
Informazio zehatzagoa nahi duenak udal bulegoetara jo dezake.