"Zer da Balenciaga bat? Zerk egiten du besteengandik desberdin?". Galdera nagusi hori erantzuteko helburuarekin aurkeztu dute gaur Getariako Balentziaga Museoan Izaera erakusketa. Getariako jostuna hil zela 50 urte beteko dira datorren astean –1972ko martxoaren 23an zendu zen Valentzian (Herrialde Katalanak)–, eta urtemuga hori gogoratzeko "ikuspegi berri bat" jorratu nahi izan du museoak erakusketarekin.
Miren Vives museoaren zuzendariak azaldu du 90 pieza aukeratu dituztela erakusketarako, eta horiek bost aretotan jarri dituztela ikusgai. "Uste dugu erakusketa bakoitzean berritasunen bat eskaintzea dela gure egitekoa eta, horregatik, aurten proposamen bat dakarkigu; Balentziaga modaren historian ezagutarazi duten zenbait silueta eta bolumen erakusteaz gain, ikusi ohi ez diren eta era berean, haren obraren izaera osatzen duten beste alderdi batzuk ikusleei helaraziko dizkiegu", azaldu du.
Horregatik, erakusketan, era guztietako jantziez gain, bestelako xehetasunak jarri dituzte agerian, hau da, goi mailako jantzigintzaren ebakiak, teknikak eta akaberak: etiketak, bolumenak sortzeko erabilitako teknikak, ebakiak erakusten dituzten patroiak eta barneko akaberak jarri dituzte bisitarien aurrean. Baita Balenciaga etiketa daraman baina benetako Balenciaga ez den arroparen bat ere.
Igor Uria Balentziaga Museoko Bildumen zuzendaria eta erakusketa honetako komisarioak erakutsi die erakusketa agintariei eta kazetariei, eta jantzi bakoitzaren aurrean xehetasunez beteriko azalpenak eskaini ditu. Aurkezpenean izan dira, hain zuzen, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkari.
Dotorezia lortzeko, mugimendua errazten maisu
Uriak ideia bat nabarmendu du beste guztien gainetik: "Balentziagaren helburua zen bere bezeroaren dotorezia hauspotzea, baina beti erosotasunari garrantzia emanez. Horregatik, gorputzaren mugimenduei asko erreparatzen zien".
Bisitako azalpenek agintarien mirespena eragin dute, eta Iturbek honakoa gaineratu du: "Hortaz, Balentziagak, jostun bikaina izateaz gain, giza anatomia ederki ezagutzen zuen". Ideia hori berretsi dute Vivesek eta Uriak, eta azken horrek xehetasunez azaldu ditu Balentziagak zer teknika eta lan egiten zituen bere jantzien bitartez emakume bakoitzaren gorputza edertzeko.
Bai Telleriak, bai Iturbek, museoko arduradunek egiten duten lana goraipatu dute, eta Itxasok, horrez gain, artearen eta kulturaren garrantzia azpimarratu nahi izan ditu Ukrainako gerra puri-purian den honetan.
Erakusketa bihar zabalduko dute herritarrentzat, eta 2023ko martxoaren 1era arte egongo da ikusgai.