Ukrainako gerrak herritar askorengan piztu ditu sentimenduak. Asko izan dira, lagundu nahian, material desberdinak eta jatekoak biltegietara eraman dituztenak. Beste batzuk, berriz, gerran dauden lurraldeetara gerturatu dira laguntza eskaintzeko borondatez. Hori da, hain zuzen ere, Aitor Ibarzabalen eta Luis Rocharen azken astebeteko istorioa.
Getariako taxi gidaria da Ibarzabal eibartarra. Telebistan Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazka ikusi, Zumaian taxi gidaria den Rocha lagunari deitu, eta "laguntzera" joatea "ondo" legokeela komentatu zion hari. Rocharen ezagun batekin jarri ziren kontaktuan orduan, Ukraina-Euskadi elkarteko kide batekin. Elkartetik kolaboratzaile bat jarri zen bi taxi gidariekin harremanetan, eta hark antolatu zuen guztia: nora joan eta zein pertsona jaso behar zituzten handik hona ekartzeko. "Kolaboratzaileak markatu ditu arauak", azaldu du elkarrizketa egin bitartean Poloniako errepideetan zehar gidatzen doan Ibarzabalek.
Rocha zumaiarrak eta biek egin dute Poloniarainoko bidaia. Pasa den asteko ostiralean erabakia hartu, igandean autoak materialez eta elikagaiz bete, eta asteleheneko 05:00etan abiatu ziren bi autoak.
Getariako Udaleko lokal batean bilduta zeuden materialekin bete zituzten bi autoak Ibarzabalek eta Rochak. Lokaleko arduradunak deitu zion eibartarrari, eta autoak bertan bildutako materialekin betetzeko adierazi zion. "Pasa den astean herritarrek bildu zituzten materialekin bete genituen taxiak", azaldu du gidariak. Botikak, umeentzako pixoihalak, esne-hautsak, pilak, mantak, janaria, lo zakuak nahiz arropa mordoxka eraman dituzte Poloniara. "Autoa goraino beteta ekarri dugu".
Poloniaraino 26 orduko eta 1.500 kilometroko bidaia egin dute gidariek. Euskal Herritik abiatu eta Frantziatik, Alemaniatik eta Txekiatik pasatu dira Poloniara iritsi arte. 14-15 ordu egin zituzten lehenengo zatian, eta errepide ondoko herri txiki bateko hotelean egin zuten lo berriro ibilbideari ekin aurretik. "Momentuz" gasolina, hotela, janaria eta bidesariak beraien poltsikoetatik ari dira ordaintzen, eta tiket guztiak "gordetzen" ari dira "geroago, agian, laguntzaren bat" iritsiko zaielako. Frantziako eta Alemaniako errepideetatik igarotzean, militarren tanke "asko" ikusi dituztela ere azaldu du Ibarzabalek.
Bata Varsoviara eta bestea Przemyśl herrira joan dira, whatsapp bidez bidalitako kokapenetara. Ibarzabali Varsoviara joatea tokatu zaio, eta handik lau pertsona jaso dituela azaldu du. "Pertsona hauek jasotzean kontrol handia topatu dut; nire argazkia nahiz kotxearenak eta matrikularenak bidali behar izan ditut. Mesfidantza handia dago hemen". Poloniako lau pertsonak jaso berritan, autoan "isil-isilik" doazela aitortu du Getariako taxi gidariak, eta poloniarrak "oso beldurtuta" daudela. Varsoviatik Przemyśl herrira abiatu eta Rocha eta gainerakoekin elkartuko dira "antolatzeko"; izan ere, batzuk Donostiara eta beste batzuk Bilbora etorriko dira beraien familiengana.
Eibartarrak dioenez, Varsoviako tren geltokian egon zenean nora zioan galdetzen zioten bertan aurkitzen zirenek: "Espainia aldera erantzuten nien, eta jendeak autora igotzea nahi zuen. Ez dute bertan geratu nahi". Bestalde, hemendik hara doan pertsona oro materiala eramatera "animatu" nahi du, eta "laguntzeko prest" daudenak Ukraina-Euskadi elkartearekin harremanetan jartzera deitu ditu.