Getariako Udalak adierazpen instituzionala egin du, nazioen arteko desberdintasunak modu diplomatikoan konpontzeko deia eginez

Onintza Lete Arrieta 2022ko martxoaren 5a

Udalak idatzian azaldu du Getarian ere badirela ukrainarrak, eta "elkartasun osoa" adierazi nahi diela horiei. Europako Batasunari eta nazioarteko komunitateari Ukrainarako finantza-laguntza eta laguntza humanitarioa emateko eskatu die, eta getariarrei, berriz, parte har dezatela antolatzen diren elkartasun ekintzetan.

Getariako Udalak adierazpen instituzionala egin du Errusiak Ukrainan hasitako gerra dela eta.

Udalak azpimarratu du "Getaria jatorri desberdinetako herritarrek osatutako herri anitza" dela, eta tartean badirela ukrainarrak ere. "Beren herria jasaten ari den erasoaren ondorioz, gure herrikideak, beste ukrainarrak bezala, une  gogorrak bizitzen ari dira une honetan. Biolentziak herritarren sufrimendua bakarrik eragiten du; arazoak konpontzeko bidea hitz egitea da. Horregatik, Getariako Udalak bere babes osoa adierazten die gure herrikideei".

Hala, udalak bost puntuko adierazpena onartu du:

1.-Getariako Udalak elkartasuna adierazi nahi dio Ukrainako gizarteari, tartean gure herrikideari.

2.- Getariako Udalak Ukrainaren kontrako eraso militarra salatu eta nazioen arteko desberdintasunak modu diplomatikoan konpontzeko deia egiten du.

3.- Getariako Udalak ozen aldarrikatzen du: Gerrarik ez; ez Ukrainan, ez inon.

4.- Getariako Udalak diplomaziara itzultzea eskatzen du, bakea berrezartzeko eta ondorio suntsitzaile gehiago saihesteko.

5.-Getariako Udalak, Europako Batasunari eta nazioarteko komunitateari Ukrainarako finantza-laguntza eta laguntza humanitarioa emateko eskatzen die.

Horrez gain, udalak esan du herritarrak animatu nahi dituela "egoeraren harira antolatzen diren egitasmoetan parte hartzera".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide