Getariako 21. Literatur Lehiaketara lanak aurkez daitezke dagoeneko

Maria Maya Manterola 2022ko otsailaren 21a

Martxoaren 18ra bitarte jasoko dituzte ipuinak, bertsoak edota olerkiak. Getariarrei zuzendutako lehiaketa da, eta herritar bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ahal izango ditu.

Abian da beste urte batez getariarrei zuzendutako literatur lehiaketa. Olerki, ipuin nahiz bertsoak martxoaren 18ra bitarte aurkeztu ahal izango dituzte. Aurreko urteetan egin bezala, aurtengoan ere lau maila bereizi dituzte parte hartzeko: LH3-LH6 arteko ikasleena; DBHko lehenengo ziklokoa (12-14 urte); DBHko bigarren ziklokoa (14-16 urte); eta 16 urtetik gorakoena. 

Maila horietako bakoitzean bi modalitatetan aurkeztu ahal izango dira lanak. Ipuinarenean, batetik; edota bertsoa eta olerkiarenean, bestetik. Partaide bakoitzak nahi adina lan aurkez ditzake. Lanek, noski, norberak egindakoak izan behar dute. 

Gaia librea izango da, eta jatorriz euskaraz idatzitako sorkuntzak aurkeztu behar dira. Neurriari dagokionez, mailaz maila eta modalitatez modalitate zehaztu dituzte gutxienekoak. Getariako Udalaren webgune ofizialean, getaria.eus atarian kontsulta daitezke guztiak ere. Ordenagailuz idatzitako lanak jasoko dituzte, Times New Roman 12 letra motan, lerroartean tarte bikoitza utzita eta DIN A4 neurrian. Idazlanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da, barruan ondoko datuak zehaztuta: egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia. Kartazalaren kanpoaldean ipuin edo olerki/bertsoaren izenburua idatziko da. Getariako Udaleko bulegoetan edo Udal Liburutegian aurkeztu behar dira, martxoaren 18ko 20:00ak baino lehen. 

Iturzaeta Herri Eskolako irakasle batek, Artzape herri-aldizkariko ordezkari bat, herriko idazle bat eta Getariako Udaleko Euskara Batzordeko buruak osatuko dute epaimahaia, eta idazkari-lanak kultur teknikariak egingo ditu. Lanak aztertu ondoren, apirilaren 22an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, 18:30ean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide