Datozen hilabeteetako egitasmoak aurkeztu ditu Elkano Fundazioak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko otsailaren 2a

Irailean amaituko da Elkano Fundazioaren jarduna. Datozen hilabeteetan abestia eta bi argitalpen plazaratuko dituzte, eta hainbat jarduera akademiko antolatuko.

Azken txanpan sartu dira Elkanoren mundu biraren urtemugaren inguruko ospakizun eta ekitaldiak. Izan ere, duela 500 urte amaitu zen Juan Sebastian Elkanoren espedizioa Sanlucar de Barramedan (Andaluzia, Espainia), irailaren 6 batez.

Hori horrela, Elkano Fundazioak datozen hilabeteetarako prestatu dituen egitasmo eta ekitaldien berri eman du gaur goizean, Donostiako San Telmo museoan. Bertan izan dira Haritz Alberdi fundazioko presidentea eta Getariako alkatea, Ion Irurzun fundazioko zuzendaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Poltikako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko presidentea eta Aitor Urresti Getariako zinegotzia. Azken lau horiek fundazioko patronatukide ere badira.

Azpimarratu dute asmo nagusia dela bidaiaren eta hura posible egin zutenen kontakizunak zabaltzea. Horretarako, egitasmo ibiltari bat martxan jarriko dutela iragarri dute, baita hainbat argitalpen plazaratuko dituztela ere. "Aurreko urteetan egin dugun lan guztiarekin, hau da, lan akademikoarekin, egindako eztabaidekin eta sortu ditugun hausnarketa guneekin, zenbait kultura eta dibulgazio proiektu gauzatuko ditugu. Orain hobeto dakigu nor zen Elkano, baita garai hartako Euskal Herria nolakoa zen ere, eta horrela, hobeto ulertzen dugu nola eta zergatik lortu zuen Getariako kapitainak munduari bira ematea", azaldu du fundazioko zuzendariak.

Aurreratu dutenez, itsas eta kultur zeharkaldi formatuko egitasmo bat izango da urteko ekitaldi nagusietakoa. "Originala, dibulgatzailea eta ibiltaria" izango dela zehaztu dute. Maiatzetik aurrera, euskal kostaldeko hainbat herritako plazetan izango da dibulgazio proiektua, "Euskal Herriak itsasoarekin duen harremana azpimarratzeko". Egitasmoari buruzko xehetasun gehiago datozen asteetan emango badituzte ere, Olanok adierazi du Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hainbat herrik dagoeneko baieztatu dutela beraien parte hartzea. "Euskal Herria sozialki, kulturalki eta ekonomikoki itsasoari begira garatu da, munduarekiko zubi ireki gisa. Ondare hori bizirik mantentzeak aberastu egiten gaitu gizarte gisa, herri gisa", gaineratu du ahaldun nagusiak.


Argitalpenak eta kantua
Aurreikusitako jardueren artean daude hainbat argitalpen ere. Horien xedea izango da lehen mundu biraren berri ematea herritarrei, "euskaldunen ikuspegitik". Elkanoren Getariari buruzko bidaia koaderno bat izango da lan horietan lehena, Arturo Redondo ilustratzaile andaluziarraren eskutik. 5W aldizkariarekin elkarlanean egin dute, eta "egungo munduaren eta duela 500 urtekoaren arteko antzekotasunak" ditu ardatz.

Bestetik, Euskal Herri barneko mundubira (Euskal Herri itsastarra deskubritzeko bizikletaz egindako ibilbide bat) proiektuko esperientzia biltzen duen lana ondu du Ander Izagirre kazetari eta idazleak, eta hori izango da fundazioaren bigarren argitalpena. Azaldu dutenez, Euskal Herriko itsas ondarea jorratzen da bertan.

Elkanori eta haren bidaiari buruzko abestia plazaratuko dutela ere iragarri dute fundazioko arduradunek. Maiatzean ezagutaraziko dute, baina ez dute aurreratu nor den kantuaren egilea.


Hitzordu akademikoak
Bingen Zupiria sailburuak zehaztu ditu datozen hilabeteetan mundu birari buruz egingo dituzten jarduera akademikoak. EHUren udako ikastaroetan landuko dute gaia berriro ere, "aurreko edizioetan izandako harrera ona ikusita". Bi hitzordu finkatu dituzte: ekainaren 13an eta 14an, Elkanoren pentsamendua izeneko saioa egingo dute, Joxe Azurmendi katedradunarekin lankidetzan. Uztailaren 7an eta 8an, berriz, Elkanoren ospakizuna: ondorioak eta galdera berriak saioa izango da. Azken horretan lau mahai inguru egingo dituzte. Bi saioak doakoak izango dira, EHUren Gipuzkoako campuseko Carlos Santamaria zentroan.

Horrez gain, Elkano’22. Historia inguratuz nazioarteko kongresua egingo dute urriaren 19tik 21era EHUren eraikin berean. "Eztabaida foro berri bat" izango dela azaldu du Zupiriak. Bost saio izango ditu, eta nazioartean ezagunak diren ikertzaile eta adituak gonbidatuko dituzte, honako gai hauek jorratzeko: globalizazioaren agertokiak; merkataritza mundu biraren motortzat; irudiak garai hartan zuen garrantzia; Europako itsas hedapen handiari buruzko pedagogia eta didaktika; eta mundializazioaren azterketa, ikuspegi soziologikotik.

Lehorreratzea, eguneratze prozesuan

Duela mende bat egin zen lehen aldiz Elkanoren lehorreratzearen antzezpena Getarian. Lau urtean behin egin dute harrezkero, eta aurtengoa berezia izango da. Iazko irailetik abendura bitartean, udalak partaidetzan oinarritutako prozesua jarri zuen martxan aurtengo lehorreratzea nolakoa izango den erabakitzeko. Alberdi alkateak azaldu du lanean ari direla zehazteko aurten nola gauzatu berrikuntza horiek. Bira bat, ehun mundu izango da ekitaldiaren leloa, eta irailaren 6an, urteurren handiaren egunean, izango da.

Hilabete gutxi barru amaituko da Elkano Fundazioaren ibilbidea, eta egindako lanarekin «pozik» agertu dira erakundearen ordezkariak, batez ere, gai izan direlako hiru ardatz erdigunean mantentzeko: "ezagutza sortzea, zabaltzea eta lankidetza sareak sortzea". Azken ardatzean egin dute azpimarra: "Abentura honetan lagundu nahi izan diguten bertako nahiz nazioarteko eragile guztiengatik izan ez balitz, nekez egingo genituzkeen hainbeste gauza", borobildu du balorazioa Irurzunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide