Behin-behineko onespena azaroko udalbatzarrean eman zieten aurrekontuei, EH Bilduko sei zinegotziren babesarekin eta EAJko lau zinegotziren abstentzioarekin. Abstenitzeko arrazoia: beraiek egindako proposamenak «ia bere osotasunean baztertu» zituela Udal Gobernuak. Horren aurrean, prozedura administratiboari jarraiki, 11 emendakin aurkeztu zizkioten behin-behinean onartutako aurrekontuari. Baina, alferrik, EH Bilduk horien guztien kontra bozkatu baitu.
EAJk ondorengo proiektu hauek proposatu zituen aurrekontuan txertatzeko, guztira 830.000 euroko aurrekontuarekin: Zarautz Jauregiaren eraberritzea, herriko merkataritza biziberritzeko plana, Aldamar parkea estaltzeko aurreproiektua idaztea, gizarte beharretara egokitutako etxebizitzak, Aldamar parkean komun publikoak egitea, surfeko lokala berritzeko laguntza, futbol zelaiaren aurre-proiektua eta kotxe elektrikoa kargatzeko puntu azkarra.
EH Bilduren arabera, ordea, «aurtengo aurrekontuek herritarren ongizatea eta trantsizio energetiko eta ekologikoa dituzte oinarri», eta EAJren emendakinak ez zihoazen ildo horretatik; «eragin kaltegarria izango zuketen herritarren ongizatean, zein trantsizio ekologikorako aurreikusitako inbertsioetan». Izan ere, batetik, «gehien behar dutenei zuzendutako diru partida 15.000 eurotan murriztea proposatu zuen EAJk; eta bestetik, «Getariako Udalak 2021. urtean onartu zuen Energia Planean jasotako inbertsioak 35.000 euro jaistea proposatu zuen emendakinetan, udalak duen plangintza osoa baldintzatuz eta jaso beharreko diru laguntzak oztopatuz».