Elkanoren garaiko Getariaz liburua argitaratu du Daniel Zulaika historialariak

Aitziber Arzallus 2022ko urtarrilaren 28a

Euskal Itsas Museoan aurkeztu dute 'La Getaria de Elcano (1487-1526)' liburua .1500. urtearen bueltan Getariako herrigunea eta hango bizimodua nolakoak ziren xehetasunez jasotzen du lanak.

Daniel Zulaika historialariak La Getaria de Elcano (1487-1526) liburua idatzi berri du, eta hain zuzen ere, atzo goizean aurkezpen ekitaldia egin zuten Donostian dagoen Euskal Itsas Museoan. Alboan izan zituen Carlos Olaetxea Gordailuko zuzendaria, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoaren zuzendaria eta Ion Irurzun Elkano 500 Fundazioaren zuzendaria. Zulaika bera Elkano 500 Fundazioaren Aholku Batzordeko kidea da, atzo aurkeztutakoaren aurretik, Juan Sebastian Elkanori eta lehen mundu birari buruzko beste hainbat liburu eta artikulu ere argitaratuak ditu.

"Erdi Arotik Aro Modernorako aldaketa garai hori izan zen Elkano bizi izan zena. Itsasontziaren barruan zeuden higiene baldintzak, gaixotasunak, analfabetismoa eta erlijioarekiko debozioa Getariako herrian bizi zenaren isla baino ez zen». Horrela azaldu zuen Zulaikak atzoko aurkezpenean, eta era horretan kontatzen du kaleratu berri duen liburuan ere.

Lana ontzeak bi urtetik gorako ikertze lan historikoa egitea eskatu dio egileari, eta esan liteke Elkano, los vascos y la primera vuelta al mundo liburuaren jarraipena dela. "Gizonezko askok erabaki zuten itsas abentura hartan murgiltzea, eta liburu honek jasotzen du itsasotik lurrerako begirada bat", adierazi zuen idazleak.

Lau ataletan banatuta dago liburua, eta horietan kontatzen du Getariako garai hartako bizimodua nolakoa zen, merkataritzak zer nolako garrantzia zuen eta emakumeak zer nolako lekua zuen. Herrigunearen egiturari buruzko xehetasunak kontatzen ditu, etxeak, errotak eta kaleak nolakoak ziren azaltzen du, eta Elkano eta haren familia bizi ziren etxebizitza barrutik nolakoa zen ere deskribatzen du. Zulaikaren hitzetan, "1500. urtearen inguruan lokatzezkoak ziren Getariako kaleak, harakinek kalean botatzen zituzten behar ez zituzten abereen barrukiak, bizilagunek ere bai ur zikinak, eta kaleetan batera eta bestera ibiltzen ziren txerriak eta arratoiak".

Itsasontzietako maisuez ere jardun zuen atzoko hitzartzean, orduko gizartean zenbaterainoko garrantzia zeukaten azaltzeko. "Era guztietako ezagutzaren jabe ziren maisuak: latinez hitz egiten zekiten Europan barrena salerosketan ibili behar izaten zutelako, kontabilitateaz bazekiten, aseguruez ere bai... Bitartean, lehorrean, inork ez zekien irakurtzen eta idazten".

Liburuko azken atalean, emakumeez hitz egiten du; hain zuzen ere, Elkanoren bost emakumeez. Kontatzen du, haren ama, Catalina de Puerto, oso gazte geratu zela alargun, eta bakarrik hazi behar izan zituela zortzi seme-alaba. Semeak munduari buelta emateko intentzioa zuela jakin zuenean, lagundu egin omen zion, eta bigarren buelta eman zezan, zorpetu ere egin zen emakumea. Abentura hartan hil zen Elkano, eta amak sosik gabe eta hondoa jota bukatu zuen.

Egileak argitalpena doan jarri du eskuragarri Euskal Itsas Museoaren eta Elkano 500 Fundazioaren webguneetan, eta Euskal Herriko hainbat liburutegi publikotan eta Donostiako eta Bilboko liburu dendetara ere banatu du. Salmentatik ateratzen dituen irabaziak Zaporeak irabazi asmorik gabeko elkarteari emango dizkio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide