Getarian martxan da inauterietako kartel lehiaketa

Aitziber Arzallus 2022ko urtarrilaren 24a

Adin guztietako getariarrek har dezakete parte lehiaketan. Lanak otsailaren 14an 19:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, eta otsailaren 21etik 28ra udaletxeko sarrera nagusian jarriko dituzte ikusgai.

Inauterietako kartel lehiaketa martxan jarri berri du Getariako Udalak. Adin guztietako getariarrek har dezakete parte lehiaketan, eta lanak aurkezteko epea  otsailaren 14an 19:00etan bukatuko da. Udaletxean edo liburutegian utzi beharko dituzte lanak, eta jakinarazi dute ez dutela epez kanpo lanik onartuko. Ondoren, otsailaren 21etik 28ra, kartelak ikusgai egongo dira udaletxeko sarrera nagusian.

Lehiaketan parte hartzeko hainbat arau zehaztu ditu udalak. Batetik, gaia: Getaria eta inauteriak. Derrigorrez sartu beharreko testua, berriz, honakoa: "Getariako inauteriak 2022", goiburu batekin. Goiburua egileak berak idatzi beharko du, eta idazten ez dakiten haur txikien kasuan, ezer jarri gabe bidaltzeko eskatu du udalak, edo bestela, haurrek beren erara egina izan beharko duela, heldu baten esku hartzerik gabe. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzakeela ere esan du, eta edozein modalitate artistikotan eginak izan daitezkeela. Hori bai, 16 urtera artekoen parte hartzaileen lanek eskuz eginak izan beharko dute.

Epaimahaia Kultura Batzordeak, herriko artistek eta herri eskolako irakasleek osatuko dute, besteak beste, eta lanak entregatzen diren astean bertan erabakiko dute zeintzuk diren lan irabazleak. Lan horiek udalaren esku geratuko dira, eta baita aurkeztutako lan guztien argitarapen eskubideak ere.

Esan bezala, lehiaketara adin guztietako herritarrek aurkez ditzakete lanak, baina sari banaketa mailaz maila egingo dute. 2-5 urte bitartekoen mailan; 1. mailatik 3. mailara bitartekoenean eta 4. mailatik 6. mailara bitartekoenean, opari bana emango diote lan onenaren egileari. 12-15 urteko gazteen mailan, 60 euroko saria jasoko du irabazleak; eta 16 urtetik gorakoetan, 150 eurokoa.

Irabazi ez duten kartelen jabeek beren lanak jasotzeko hamabost egun izango dituzte, erakusketa bukatzen den egunetik kontatzen hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide