2022ko Getariako udal aurrekontuak azaroaren 30eko osoko bilkuran onartu ziren Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduren babesarekin. EAJko udal taldea abstenitu egin zen, beraiek egindako proposamenak "ia bere osotasunean baztertuak" izan egin zituelako Udal Gobernuak. Horren aurrean, prozedura administratiboari jarraiki, 11 emendakin aurkeztu dizkiote onartutako aurrekontuari.
Jeltzaleen hitzetan, “proiektu estrategikoak dira guztiak, herri are sozialago, aurreratuago eta
jasangarriagoa egiteko bidean”. EAJk ondorengo proiektu hauek proposatzen ditu 2022ko aurrekontuan txertatzeko, guztira 830.000 euroko aurrekontuarekin: Zarautz Jauregiaren eraberritzea, 675.000 euro (horietatik 375.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko lituzke, eta 300.000 euro Eusko Jaurlaritzak); herriko merkataritza biziberritzeko plana, 15.000 euro; Aldamar parkea estaltzeko aurreproiektua idatzi, 10.000 euro; gizarte beharretara egokitutako etxebizitza, 50.000 euro; Aldamar parkean komun publikoak egin, 40.000 euro; surfeko lokala berritzeko laguntza, 20.000 euro; futbol zelaiaren aurre-proiektua, 15.000 euro; eta kotxe elektrikoa kargatzeko puntu azkarra, 5.000 euro.
Urtarrileko osoko bilkuran ebatziko da proiektu hauen etorkizuna, 2022ko udal aurrekontuak behin betiko onartzen dituztenean. Zentzu horretan, Getariako EAJk "egiazkoa den elkarlanerako" deia egin dio EH Bilduri.