Urtarrilaren 7an hasita, snowboard egokituko Munduko Txapelketa jokatzen ari dira Norvegiako Lillehammer-en, eta Irati Idiakez getariarra bi zilarrezko domina soinean dituela bueltatuko da etxera. Joan den astean irabazi zuen aurrena, banked slalom modalitatean; eta atzo erdietsi zuen bigarrena, bordercross modalitatean.
Bietan Monika Aleksandra Kotzian poloniarra izan du aurrez aurre, aurkari gogorra inondik ere, harentzat izan baitira bi urreak. Lehiaketa bukatu ostean egindako adierazpenetan, sentipen gazi-gozoarekin bukatu duela aitortu du getariarrak; egindako lanarekin gustura, baina irabazi ezinaren penarekin. Dena dela, ez du etsitzeko asmorik, eta ziurtatu du hurrengo txapelketara "indar gehiagorekin eta gogo handiagoarekin" joango dela.