Idiakezek bigarren egin du snowboard egokituko Munduko Txapelketako 'banked slalom' proban

Onintza Lete Arrieta 2022ko urtarrilaren 14a

Urtarrilaren 7tik 23ra ari dira jokatzen txapelketa Lillehammer-en (Norvegia), eta Irati Idiakez getariarra bi modalitatetan parte hartzeko asmoarekin bertaratu da; domina eskuratu duen 'banked slalom' modalitatean eta 'bordercross'-ean.

Bere buruari jarritako erronkak lortzen ari da Irati Idiakez kirolari getariarra, zilarrezko domina eskuratu berri baitu snowboard egokituko Munduko Txapelketan, Lillehammer-en (Norvegia). Banked slalom modalitatean lortu du domina.

Espainiako Federazioari egindako adierazpenetan, Idiakezek esan du "dena eman" duela proban, nahiz eta lana ez duen berak nahi bezala egin. "Erori egin naiz, eta bigarren jaitsieran ez naiz oso fin ibili. Saiatu arren, ez dut lortu garaipena, baina nire  aurkariarengandik gero eta gertuago nabil", adierazi du.

Monika Aleksandra Kotzian poloniarrak eskuratu du urrea.

Munduko Kopako snowboard egokituan ere zilarrezko bi domina eskuratu zituen Idiakezek abenduan, eta orduan HITZAri eskainitako elkarrizketan azaldu zuen Munduko Txapelketa irabaztea zuela helburua. 

Urtarrilaren 7tik 23ra jokatuko da lehiaketa, eta getariarra bi modalitatetan parte hartzeko asmoarekin bertaratu da; domina eskuratu duen banked slalom modalitatean eta bordercross-ean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide