Getariako Udalak gaur jakinarazi duenez, San Anton egunean, datorren astelehenean, zirku tailerra egongo da herrian 3 urtetik gorako getariarrei zuzenduta. Udalak gogorarazi du pandemia egoeragatik indarrean diren neurriak errespetatuko direla. Horregatik, zirku tailerra hiru txandatan banatuko dute, eta txanda bakoitzean 45 laguneko muga jarri dute.
10:30etik 14:15era, ordu eta laurdeneko saioak egingo dituzte talde bakoitzarekin. Besteak beste malabareak, akrobaziak, oreka teknikak eta aire akrobaziak landuko dituzte. Saioa doakoa da, baina taldeak mugatuak direnez, izena aurrez ematea aholkatu du udalak. Turismo Bulegoan eman behar da izena.
Tailerra Zirukun Zirku Eskolak eskainiko du; euririk ez bada, frontoian izango da hitzordua eta, bestela, kiroldegiko frontoian.
Sanantonetako beste ekitaldia, urteroko bertso saioa da, udalak eta Alamedatik Habanerara bertso eskolak antolatzen dutena. Igande honetan izango da, eta sarreak salgai daude Turismo Bulegoan hamar euroan. Gogorarazi dute edukiera muga egongo dela Balentziaga museoan egingo den bertso saioan. 18:30ean hasiko da emanaldia.
Uxune Areizaga getariarrak egingo ditu gai jartzaile lanak, eta sei bertsolari izango ditu aurrean: Saioa Alkaiza, Etxahun Lekue, Miren Artetxe, Danel Olano, Jone Uria eta Agin Laburu.
Bestalde, Getariako Txakolina jatorri izenak jakinarazi du aurten ez duela egingo urtero uzta berria aurkezteko San Anton egunez egin ohi duen ekitaldia. Uztari buruzko datuak, berriz, egunotan zabalduko ditu komunikabideetara.