Sanantonetako bertso saioa egingo dute igandean Getarian

Onintza Lete Arrieta 2022ko urtarrilaren 10a

Aurten ere ez da egitarau zabalik izango San Anton jaiak ospatzeko, baina bertso saioa mantendu egin du udalak. Edukiera mugatua izango du, eta sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan.

Urtarrilaren 17a San Anton eguna izango da, eta pandemia tarteko, aurten ere ez da egitarau zabalik egongo. Udalak eta Alamedatik Habanerara bertso eskolak, dena den, urteroko bertso saioa antolatu dute, eta igande honetan, hilak 16, izango da emanaldia.

Sarreak dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan hamar euroan, eta gogorarazi dute edukiera muga egongo dela Balentziaga museoan egingo den bertso saioan. 18:30ean hasiko da emanaldia.

Uxune Areizaga getariarrak egingo ditu gai jartzaile lanak, eta sei bertsolari izango ditu aurrean: Saioa Alkaiza, Etxahun Lekue, Miren Artetxe, Danel Olano, Jone Uria eta Agin Laburu.

Bestelako ekitaldiak

Oraingoz, udalak ez du ekitaldi gehiagoren berri eman. Bestalde, urtero Mahasti Jauna izendatzeko ekitaldia egiten du Getariako Txakolina jatorri izenak San Anton egunez, baina hori noiz eta nola ospatuko den ere ez dute jakinarazi oraindik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide