Urtarrilaren 9an goi mailako pilota partida ikusteko aukera izango da Getarian

Onintza Lete Arrieta 2021eko abenduaren 22a

Urtero bezala, San Anton jaien bueltan antolatu dute pilota ikuskizuna Getariako Udalak eta Gure Txeru elkarteak. Promozioko partidan Alberdi-Uriondo bikotea ariko da Zubizarreta III.a-Eskirozen aurka. Bigarren partidan, berriz, Urrutikoetxea-Aranguren bikotea lehiatuko da Peña II.a-Albisuren aurka.

San Anton jaien bueltan, urtero punta-puntako pilota partida antolatzen dute Getariako Udalak eta Gure Txeru elkarteak Getarian, eta dena prest dute 2022 urte hasierarako. Urtarrilaren 9an, igandearekin, 17:00etan hasiko da kirol ikuskizuna Sahatsaga pilotalekuan.

Promozioko binakako txapelketako partidaz gozatuko dute ikusleek aurrena, Alberdi-Uriondok eta Zubizarreta III.a-Eskirozek jokatuko dutena, hain zuzen.

EPELen binakako txapelketako partida izango da ondoren, eta hor, berriz, Urrutikoetxea-Aranguren bikoteak Peña II.a-Albisu izango du aurrez aurre.

Sarrerak salgai daude herriko Turismo Bulegoan nahiz sarean, eta telefono zenbaki bat ere jarri dute zaleen eskura, edozein zalantza argitzeko nahiz informazio gehiago eskuratzeko: 943-82 04 06.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide