Getariako Udalak gazteentzako alokairuak sustatzeko dirulaguntza txertatu du oraintsu onartu duen 2022ko udal aurrekontuetan, eta 20.000 euroko partida bat bideratuko du horretarako. Laguntza horren xedea da laguntza ematea Getarian alokairu erregimenean dauden 18 eta 35 urte bitarteko gazteei. Eskaera orria udaletxeko sarrera erregistroan jaso daiteke edo www.getaria.eus webgunean. Eskabidearekin batera, oinarri orokorren 9. artikuluan zerrendatutako agiriak aurkeztu beharko dira, 2022ko urtarrilaren 1etik 24a bitartean, udaletxean bertan edo elektronikoki.
Dirulaguntza eskatzerakoan soilik kontuan hartuko dituzte 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko alokairu gastuak, eta jada ordainduta daudenak. Gainera, alokairu kontratua gutxienez urtebetekoa izan beharko du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Gaztelaguneko dirulaguntzekin bateraezinak dira laguntza hauek; hala arautzen du Jaurlaritzaren 2018ko abenduaren 18ko arauak.
Etxebizitza partekatzen duten, baina familia-unitate bat osatzen ez dutenen kasuan –adibidez, lagunarteko pisua–, hainbat zehaztapen egin dituzte. Hileko 250 euroko laguntza osoa emango dute eskatzaileen artean proportzionalki banatuta; urteko diru sarreran arabera ere bai, baldin eta 28.000 euro gordinekoa bada urtean eskatzaile bakarra denean, eta 35.000 euro gordin urtean bi eskatzaile edo gehiago badira. Hona hemen urteko diru sarrera gordina eta horren araberako bataz besteko laguntza: 0-15.000 euro, % 75; 15.000,01-21.000, % 55; 21.001-28.000, % 35; eta 28.000-35.000, % 20.
Ezingo dute dirulaguntza hauen onuradun izan sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzetan bizi direnak –tasatuak barne–, ezta helburu turistikoa dutenak, azpierrentan daudenak, logelen alokairuan eta etxebizitza gisa erabilitako bizigarritasun baimenik gabeko lokaletan daudenak ere. Ezingo dute eskaera egin Bizigune programaren barruan dauden alokairu etxebizitzak, eta ez dituzte onartuko urtebete baino iraupen txikiagoa duen kontraturik.