Munduko Kopako bi proba jokatu zenituen joan den astean Herbehereetan, banked slalom modalitatean, eta zilarrezko domina bana erdietsi zenituen. Pozik egoteko moduko emaitza, ezta?
Oso pozik nago, bai. Ez nuen espero horren ongi ariko nintzenik. Gainera, duela bi urte izan nintzeneko oroitzapena nuen: nire lehen txapelketa izan zen, eta bihurgune bakoitzean lurrera erortzen nintzen. Beraz, beldur edo sentipen hori buruan nuela joan nintzen hara. Baina lehendabiziko entrenamendu saioetan oso gustura sentitu nintzen, oso eroso, zirkuituaz gozatzen, eta, alde horretatik, ongi moldatu nintzen. Egia da entrenamendu batean denborak hartu zizkidatela eta ikusi genuela marka txukunetan nenbilela. Lastima izan zen aurreneko txapelketan lehen sailkatua harrapatu ezin izana [Monika Kotzian poloniarra], nahiz eta hortxe-hortxe eduki nuen. Bigarren txapelketan ere saiatu nintzen, baina orduan ere ez. Ea hurrengoan posible den!
Gertu ikusi al zenuen urrezko domina?
Lehiatzen ari naizenean, dominetan baino gehiago aurkariarengan pentsatzen dut. Hain justu ere, segundo erdi bat ateratzen badit, ea nondik murriztu diezaiokedan alde eskas hori. Aukerak izan banituen, baina ezin izan nion aurrea hartu. Edonola ere, benetan gustura nago lortutakoarekin.
Denboraldiari ezin hobe eman diozu hasiera, beraz.
Hala da, bai. Normalean, Landgraafeko (Herbehereak) probekin hasten da denboraldia, baina iaz ezin izan ziren jokatu. COVID-19a zela medio, bertan behera geratu ziren. Aurten antolatu ahal izan dituzte, eta, egia esan, hasiera bikaina eman diot. Indartsu ekin diot denboraldiari, eta espero dut martxa horri eustea aurrerantzean ere.
Iaz sekulako denboraldia osatu zenuen, eta aurten bide beretik ekin diozu. Zu zeu nola sentitzen zara?
Nire helburu nagusia urtarrilean jokatuko den Munduko Txapelketara sasoian iristea da; izatez, iaz zen jokatzekoa, baina pandemiaren eraginez atzeratu egin zuten. Landgraafeko txapelketak izan dira ikusteko nola nagoen, eta nolabait ere, beste lehiakideekin alderatzeko. Oro har, oso gustura aritu nintzen; izan ere, badirudi iazko erritmoetan nabilela. Indartsu sentitzen naiz eta gogotsu. Beraz, alde horretatik, pozik nago.
Lehiatzeko prest?
Asteburu honetan Finlandian dugu hitzordua. Munduko Kopako beste bi proba jokatuko dira, baina kasu honetan, bordercross modalitatean lehiatuko naiz. Iaz urrezko domina lortu nuen, baina aurten ez dut gehiegi entrenatu horretan. Normala denez, ez da gauza bera ongi prestatuta joatea, irteerak, saltoak eta hori guztia, edo honako hau izatea zure aurreneko testa. Beldurrik behintzat ez dit ematen. Gainera, modalitate hau gustukoa dut, eta lehia eremua iazko bera denez, ezagutzen dut.
Baina ba al duzu iazko garaipena berresteko presiorik?
Ez zait gustatzen gehiegi horretan pentsatzea, bestela oso urduri jartzen naiz eta gauzak okerrago ateratzen zaizkit. Ahal dudan onena ematera eta ondoen egitera joaten naiz, gozatzera, eta lorpenen bat izaten badut, askoz ere hobeto.
Hortik jada Munduko Txapelketara?
Ez, ez. Egutegi betea dugu abendua eta urtarrila bitartean. Finlandiatik Austriara joango gara ondoren. Gabonak Baqueira Bereten pasatuko ditut entrenatzen –egunen bat edo beste Getariara hurbilduko naiz–, eta, gero etorriko da Munduko Txapelketa. Urtarrilaren 7tik 23ra goaz Lillehammerrera (Norvegia), eta bertan bi modalitate ezberdinetan hartuko dut parte, bordercross-ean eta banked slalom-ean.
Denboraldiko hitzordurik garrantzitsuena izango al da zuretzat?
Bai, zalantzarik gabe. Orain jokatzen ari garen probak Munduko Kopak dira, eta Norvegiakoa, aldiz, Munduko Txapelketa da. Titulu inportanteagoa da, jakina. Nire aurtengo helburu nagusiena hori lortzea da. Dena ematera irtengo naiz!
Horretara bideratu duzue aurtengo prestaketa plangintza guztia, orduan.
Bai. Egia da martxoan Neguko Paraolinpiar Jokoak jokatuko direla Pekinen (Txina), baina nire kategoria ez dutenez onartu, ez naiz bertan izango. Ondorioz, Munduko Txapelketa da gorenean dudan erronka.
Nolatan ez dute onartu zure kategoria?
Kontua da nire kategoria, besorik gabekoena (SB-UL), ez dutela onartu 2026ko Paraolinpiar Jokoetara arte. Aurreko denboraldi bukaeran jakin genuen 2022an gure kategoria ez zutela Jokoetan txertatu, eta sekulako kolpea izan zen guretzat. Sinadurak biltzen aritu ginen, baina azkenean antolakuntzakoek arrazoitzen dute 2019ko Munduko Kopako probetan ez zegoela behar zen neska kopurua. Baina, noski, 2019an... Jada, ezin da ezer egin. Itxaropena 2026an jarri beharko dugu.
Ikusita zer-nolako garapena izan duzun azken urtean, kirolari bezala ere hazten zoazela esan daiteke?
Hala da, bai. Nik neuk dudan sentsazioa ere garrantzitsua da: gero eta erosoago sentitzen naiz snowboardeko taularekin, eta edozein aldaketa igarri egiten dut; lehen ez zitzaidan gertatzen. Pixkanaka noa hobetzen, baina pauso sendoak emanez.
Neguko Kirol Egokituko Zentroan
Irati Idiakez Baqueira Bereten (Herrialde Katalanak) bizi da neguan, Neguko Kirol Egokituko Zentroan. Bere eguneroko jardunaldi bat nolakoa den galdetuta, ondorengoa erantzun du getariarrak: «Goizetan elurretara igotzen gara entrenatzera, eta arratsaldeetan, saio fisikoa egiten dugu».
Baina ariketa fisikoaz gain, beste arlo batzuk ere zaintzen dituztela jakitera eman du Idiakezek. Bere esanetan, «nutrizioari buruz hitz egiten ditugu, astean behin fisioterapeuta izaten dugu eta psikologoarekin ere izaten ditugu saioak».
Herbehereetako proben ondoren, zentrora itzuli zen atseden hartzera, baina oso egun gutxi igaro zituen bertan. Izan ere, astearen hasieratik Finlandian dago bihartik aurrera jokatuko den Munduko Koparako prestatzen.