David Lopategi: "Itsasotik datorkigunarekin ere kritikoak izan gaitezke"

Maria Maya Manterola 2021eko abenduaren 3a

‘Arrantza eta elikadura sistemak’ jardunaldiak egin berri dituzte Getarian. Lopategik azpimarratu du gizarteak bizkarra eman diola itsasoari. "Eta itsasoari begira jarri behar dugu geure burua". 'Gipuzkoako Hitza'-n argitaratutako elkarrizketa da hau.

Bi asteburutan, Arrantza eta elikadura sistemak gaiaz gogoeta egin dute lehen sektoreko eragileek eta erakundeetako kideek Getarian. Bizilur elkarteak antolatu ditu jardunaldiak, eta, David Lopategi (Bilbo, 1980) talde horretako kidearen ustez, beharrezkoa da itsasoari begira jartzea, “orain arte bizkarra eman zaiolako”.

Zer harrera izan dute jardunaldiek Getarian?

Oraindik ez dugu aukerarik izan talde moduan balorazioa egiteko. Dena den, elkarteko kideekin hitz egin dut jardunaldien inguruko sentsazioez, eta uste dugu inoiz ez dela egin gisa honetako jardunaldirik. Guk planteatu nahi genuen elikadura sistemen inguruko azterketa bat egitea, arrantzatik abiatuta, edo, behintzat, arrantza bilduko zuena. Alde horretatik, helburua lortu dugula uste dugu. Gizarteak itsasoari bizkarra eman diolako, bai kulturalki, bai historikoki, eta baita elikaduraren aldetik ere. Benito Lertxundik dioen bezala, itsasoari begira jarri behar dugu geure burua.

Zer ariketa planteatu duzue, zehazki?

Gehienbat, elikadura sistemetan parte hartzen duten eragileekin leku berean, aldi berean eta mahai berean biltzea. Lehen sektorearen osotasunetik abiatu nahi izan dugu eztabaida, baina, era berean, kontsumitzaileek, instituzioek eta eragileek ere parte hartu dute. Lehen sektorearen funtzio soziala berreskuratu behar dugu: herriari ematea. Sektoreko eragileen funtzio soziala ez da dirua egitea edo esportazioak sustatzea, herria elikatzea baizik. Lehenengo pausoa eman dugu.

Getariako eragileek eta erakundeek zer jarrera izan dute gai horri dagokionez?

Erabatekoa izan da Getariako Udalaren babesa. Duela bi urte portuz portu egin genuen diagnostikoa, eta Haritz Alberdi alkatearekin batu ginen. Hausnarketan bat gentozen, eta zerbait egin nahi zuten. Nahiz eta eskumenei dagokienez nahaste-borraste itzela dagoen, argi zeukaten arrantzarekin zerbait egin nahi zutela herrian.

Bilera bat egin genuen arrain saltzaileekin, arrantzale artisauekin eta udalarekin, eta haiengandik ere iritzi bera jaso genuen. Alde horretatik, Getariak proposamen propioak aktibatu ditu arrantzaren gaia lantzeko. Esaterako, herriko eskolan, curriculumean, bestelako rol eta pisu bat izan dezan arrantzak. Horrez gain, landa garapenerako elkartearekin batera, martxan jarri dute Getarian arrantzatzen diren produktuen berri emateko eta horien balioa erakusteko beste proiektu bat ere.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide