Kataluniako Gobernuaren aitortza jaso du Isabel Etxeberria Getariako maistrak

Onintza Lete Arrieta 2021eko abenduaren 2a

Asteartean jakinarazi zuten 106 urteko Etxeberriak Sant Jordi saria jasoko duela, irakaskuntzan egindako lanagatik. Guztira hogei herritar eta hamar entitate saritu dituzte. Etxeberriak Getariako eta Llança-ko (Herrialde Katalanak) udalen omenaldia ere jaso zuen iazko irailean.

Etxberria, iaz, LLançan jaso zuen omenaldian (Argazkia: utzitakoa)

Kataluniako Gobernuak urtero herritar eta entitate batzuk aukeratzen ditu Sant Jordi sarirako, eta asteartean jakinarazi zuen zein diren aurtengo protagonistak. Guztira hogei norbanako eta hamar entitate daude, horien artean Isabel Etxeberria Getariako maistra. 

106 urteko donostiarra Getarian irakasle aritu zen 1936ko gerra hasita zela, eta frankistek bidali zuten herritik bi urte geroago. Zenbait urtez Gabiriako (Gipuzkoan) eskolan aritu zen irakasle, baina euskararen aldeko jarreragatik kaleratu egin zuten, eta ondorengo hamarkadetan Katalunian jarraitu zuen lanean, irakasle. Gobernuaren aitortza, hain zuzen, irakaskuntzan egindako lanagatik jaso du.

Iazko irailean ere omendu zuten Etxeberria. Bizitoki duen Llança-ko eta (Katalunia) Getariako udalek antolatu zuten ekitaldia, eta Aranzadik ere parte hartu zuen. Izan ere, 1936ko gerraz Aranzadik Getariako Udalarentzat egindako ikerketa lanean jasota dago Etxeberriaren lekukotza ere.

Aurtengo Creu de Sant Jordi jaso dutenen artean daude, besteak beste, Pau Gasol eskubaloi jokalari ohia, Alexia Putellas futbol jokalaria eta Francisco Ibañez komiki marrazkilaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide