(Aiora Larrañaga)
4.310.200 euroko udal aurrekontua onartu zuen atzo iluntzean Getariako Udalbatzak 2022. urterako. Udal Gobernuan dagoen EH Bilduren aldeko sei botoak jaso zituen proposamenak, eta EAJren lau zinegotziak abstenitu egin ziren –alderdi horren bosgarren zinegotzia ez zen bilkuran izan–. Bi alderdiak negoziaketetan aritu dira akordioa lortu eta, iaz bezala, aurrekontuak aho batez onartzeko, baina bilerek ez dute halako emaitzarik eman. Dena den, hizketan jarraitzeko prest agertu ziren bi aldeak, EAJk udal aurrekontuei aurkeztuko dizkion emendakinen inguruan.
Nahia Iturbe Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, iazkoarekin alderatuta %17 handiagoa izango da aurten udalaren aurrekontua, eta inbertsioetan %80ko igoera izango dute. Sarrerak 3.932.000 eurokoak izango direla aurreikusi dute, eta gastu arrunta, berriz, 3.493.000 euro. 448.000 euroko aldea dagoela zehaztu zuen. Zuzeneko zergak %2,4 igoko dira Iturberen hitzetan, ordenantza fiskaletan tasetan eman den %1,5eko igoeragatik eta hiri lurren balioen gehikuntzagatik. Hala, kapitulu horren aurrekontu osoaren %18a jasoko du. Zeharkako zergetan 70.000 euro jasoko dituzte, eta tasetan eta bestelako sarreretan 544.000 euro. Iturbek argitu zuen bestelako sarreretan beilatokiko zerbitzu berria dagoela.
Ondasunezko sarreretan, berriz, 85.500 euro aurreikusi dituzte, Cristobal Balentziagako aparkalekuak urte osorako alokatuko dituztelako.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntzak %17 igo direla ere jakinarazi zuen Ogasun zinegotziak.
Gastuei dagokienez, udal langileen soldatak ordaintzeko 1,3 milioi euro beharko ditu udalak, %5,72ko igoera aurreikusten baitu. Atal horretan, aipatu zuen udal arkitektoaren lanaldia handituko duela udalak, %70etik %100era.
Finantza gastuak 3.500 eurokoak izango dira, eta transferentzia arruntak, 2,4 milioi eurokoak.
Inbertsioetan igoera handia
Iturbek azaldu zuen inbertsio errealak 836.000 eurokoak izango direla datorren urtean, eta aurtengo aurrekontuekin alderatuta %80ko igoera izango duela.
Diru partida nagusiak honela banatu dituzte:
Hirigintza: 403.434 euro
- Irisgarritasuna hobetzeko, zenefa jarriko dute San Roke eta Iribarrena kaleetan: 65.000 euro.
- Haitze kalea berreskuratzeko obrak: 153.470 euro.
- Kultur etxearen fatxada eraberritzea: 110.000 euro.
- Udalerriko aparkaleku batzuk ordenatzea eta egokitzea: 20.000 euro.
- Herri bideak konpontzeko: 26.000 euro.
- Moilan askotariko lanak egiteko: 50.000 euro.
Ongizatea:
- Herritarren emergentzia sozialei erantzuteko: 35.000 euro, aurten baino 15.000 euro gehiago.
- Neguetxea egitasmorako: 10.000 euro.
Trantsizio energetikoa eta ingurumena: 210.600 euro
- Energia aurrezteko eguzki-panelak eskolan jartzeko: 85.000 euro.
- Getariarrekin Komunitate Energetikoak sortzeko: 11.500 euro.
- Auto elektrikoak kargatzeko gune bat jartzeko: 10.000 euro.
- Udal langileentzako moto elektrikoa: 4.000 euro.
- Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremua berreskuratzen hasteko: 35.000 euro.
- Eskolako argiteria LED sistemara pasatzea: 63.500 euro.
Bestelakoak:
- Merkataritza eta bertako produktuak sustatzeko: 22.500 euro.
- Getariako curriculumaren proiektuarekin jarraitzeko: 12.000 euro
- Getariako euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko: 10.000 euro
- Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorra idazten hasteko: 50.000 euro.
- Gaztetapeko labarra indartzeko aurre proiektua: 20.000 euro.
- Zenbait proiektu idazteko: 20.000 euro.
Bi alderdien balorazioak
Ogasun zinegotziak azpimarratu zuen aurrekontu honek aldundiaren egonkortasun irizpideak betetzen dituela, eta "argi" gelditzen dela "herritarren ongizateari eman zaion lehentasuna aurrekontuetan".
Bestalde, Aitor Urresti oposizio buruak azaldu zuen abstenitzea erabaki dutela, beraiek egindako ekarpen zerrendako proposamenik ez duelako sartu udal aurrekontuan EH Bilduk. Horregatik, emendakinak aurkeztuko ditu EAJk, eta udal gobernuarekin negoziatzen jarraituko du akordio bila.