Gaur arratsaldean amaituko dira Getariako Kofradian Arrantza eta elikadura sistemak jardunaldiak, 18:30 aldera. Lehengo ostiralean, hilaren 19an, hasi zen programa, eta lau egunez hitzaldiak, mahai inguruak, tailerrak eta abarrak egin dituzte, sektore desberdinetako parte hartzaileekin.
Bizilur Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Erakundeak eta Ondarroa 12 milla elkarteak antolatu dituzte jardunaldiak, Itsasoiko egitasmoaren baitan, Getariako Udalaren babesarekin.
Bizilur elkarteko David Lopategik azaldu duenez, arrantza elikadura burujabetzaren paradigman uztartzeko helburuarekin, elkarlanean hasi ziren bi elkarteak. "Gizarte modura, bizkarra eman diogu itsasoari, arrantzari lotutako kulturari eta tradizioari. Horrekin batera, arrantza eta elikadurari lotutako zenbait ohitura eta tendentzia ere galtzear daude. Gai horri buruzko hausnarketa abiatzeko asmarekin antolatu genituen jardunaldiak", jakinarazi du Lopategik.
Bere hitzetan, proposamen nahiko "aitzindari eta ausarta" izan da jardunaldiena, "orain arte egin ez den ariketa" gauzatzea lortu dutelako: "Jendea, orokorrean, oso gustura geratu da, gaiari heltzeko planteatu dugun modua berritzailea delako. Lehen sektoreari osotasunean begiratu diogu (arrantza barruan sartuta), bere funtzio sozialarekin, alegia, herria elikatzearekin, lotura eginez", zehaztu du.
Izan ere, Lopategiren hitzetan, abeltzaintzan eta nekazaritzan ezagunak dira gaur egun kontsumo taldeak eta kooperatibak, baina arrantza munduan ez, ez da elikadura burujabetzari lotutako halako proiekturik.
Programa zabala
Lopategik azaldu duenez, ekimen desberdinetan parte hartu duten hizlari zein entzuleak "oso gustura" geratu dira. "Asmoa ez zen ekitaldi jendetsu edo masiboak egitea; batez ere, sektoreko jendeari zuzendutako programa izan da, herritar ororen interesekoa izan arren".
Lau egunez, goizeko lehen orduan hasi eta arratsalde osoan zehar, "luze eta zabal hitz egin, elkar ezagutu, eztabaidatu eta ikasteko" aukera izan dute, eragile, elkarte eta egitasmo desberdinetako kide zein profesionalek. Guztira, 25 lagun inguruk parte hartu dute hizlari modura, bi asteburuetan.
Antolatzaileak adierazi duenez, jardunaldiak Getarian egin dira "udalaren konpromisoa eta konplizitatea" izan dutelako, baina aurrera begira, kostaldeko beste herri batzuetan ere egin nahi dituzte, segida izan dezaten.
Bitartean, gaiaren lanketarekin aurrera jarraituko dute. "Orain, webgune bat sortzen ari gara, tokiko arrainen izenak biltzeko, nutrizio aholku eta errezetekin batera. Bestalde, dokumental baten grabaketak ari gara amaitzen. Bukatutakoan, kostaldeko herri desberdinetan emango dugu filma, arrantza eta elikadura burujabetzaren gaineko eztabaidari zabalkundea emateko", aurreratu du.