Pepita Enbil izena edukiko du aurrerantzean Getariako musika eskolak

Maria Maya Manterola 2021eko azaroaren 23a

Udalaren, Mariñak talde feministaren eta musika eskolaren elkarlanaren emaitza da izen aldaketa. Atzo, astelehena, Santa Zezilia egunez egin zuten izena aldatzeko eta, bide batez, "musikariari herri bezala zor zaion omenaldia" egiteko ekitaldia.

Aurrerantzean Pepita Enbil izena izango du Getariako musika eskolak. Udalak, Mariñak talde feministak eta musika eskolak izandako elkarlanaren emaitza atzo gauzatu zen, musika eskolaren izen berria aurkeztu baitzuten. Sarreran batu ziren udaleko ordezkariak, musika eskolako kideak eta zenbait herritar, izen aldaketaren ekitaldia egin eta, bide batez, "musikariari herri bezala zor zaion omenaldia" egiteko.  

Musika eskolako kideek akordeoiz eta txistuz jotako pieza batekin hasi zuten ekitaldia. Haritz Alberdi Getariako alkateak hartu zuen hitza ondoren. Haren hitzetan, herriko kale eta plazen izenak "lupa morez" begiratzen hasteko ordua da: "Getariako emakumezkoek herriari eta gizarteari ekarpen handia egin diote, soziala, laborala, kulturala, politikoa, hezkuntzari lotutakoa... Ezabatuak izan diren horiek izan diren horiek guztiak espazio publikoan lekua izan behar dute".

Pepita Enbil izan da oraingoan aldaketa hori irudikatu duena. Alberdik abeslari bezala egin duen ibilbidea aitortzearekin batera, "Euskal Herriarekiko izan zuen konpromisoa" balioan jarri nahi izan zuen. Musika eskolako gurasoei, irakasleei, Mariñak taldari eta, oro har, herriari eskerrak eman zizkion alkateak, "gero eta gehiago direlako ezinbestekoak diren aldaketak babestu eta sustatzen dituzten herritarrak". 

Musika eskolako irakasle Karmele Martiarena Pepita Enbili zuzendu zitzaion gutun batean, eta, gero, Haurtxo txikia abestu zioten musika eskolako ikasleek. Ordura arte gortina batek estalitako plaka erakutsi zuten jarraian, ekitaldia amaitzeko. Eneritz Abruza getariarrak idatzitako honako poema irakur daiteke aurrerantzean musika eskolaren sarreran izango den plakan: Pepita Enbil Etxaniz / itsasertzean jaioa / Eresoinkako kide / eta Latinoamerikan zartzuelako erregina! / Emakume ausarta, / ameslaria! / Kantuz eta piano doinuz hazia / gugan iraungo du / zure ahotsak, / musikaz laztantzen / kaleko haur, gazte eta helduon bihotzak, / beti ere herriak / sortzen jarraitzen duen artean. Eneritz Tiradosen logoa darama alboan. 

"Lehen urratsa"

Mariñak Getariako talde feministak sustatu du musika eskolaren izen aldaketa. Dena den, "erreferentea ezagutzera emateko lehen urratsa" izan da. Talde feministako kideen ustez, eskolako haurren artean bere lana eta figura ezagutzera emateko modu bat izan daiteke, eta, gainera, "emakumezko erreferente positiboak" argitara emateko balio dezake, "sexu-genero rol eraldatzaileak sustatuz eta bizi eta lan aukera desberdinetarako ereduak diren erreferenteak" aurkeztuz. Getariarren memoria kolektiboan Pepita Enbilen ekarpen artistikoa balioan jarri nahi dute, bide batez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide