Getarian eraunskailuak eta tximeletak jarriko dituzte genero indarkeriaren aurkako egunean

Onintza Lete Arrieta 2021eko azaroaren 23a

Ostegunean, hilaren 25ean, ospatuko da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta Getariako Udalak genero indarkeriaren aurkako mezua duten eranskailuak banatuko ditu etxe-atarietan itsasteko. Udal liburutegian, berriz, "jendarte justu eta parekideago bat aldarrikatzen duten tximeletak" sortzeko materiala egongo da azaro osoan zehar, eta tximeletekin apainduko dute liburutegia.

Ostegun honetan mundu osoan zehar zabalduko dira genero indarkeriaren aurkako mezuak, azaroaren 25ean ospatzen delako Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Hala, Getariako Udalak eraunskailuak banatuko ditu etxe atarietan jartzeko.

Eraunskailu horietan Eusko Jaurlaritzak genero indarkeriaren biktimentzat jarritako telefono zenbakia agertzen da, eta bertara deitzen dutenek "laguntza emozionala, informazioa eta orientazioa jaso ahal izango dituzte", udalak azpimarratu duenez.

Bestalde, udal liburutegian tximeletak egiteko materiala banatzen ari dira azaroan zehar. "Helburua da jendarte justu eta parekideago bat aldarrikatzen duten tximeletak sortzea eta Liburutegia horiekin apaintzea", azaldu dute.

Nahi dutenek tximeletak etxean egin ditzakete, eta liburutegira eraman, bertan jartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide