Pepita Enbil Musika Eskola izena jarriko diote Getariako musika eskolari

Onintza Lete Arrieta 2021eko azaroaren 18a

Astelehenean, Xexili Egunean, ekitaldi "xumea" egingo dute musika eskolaren atarian. Udalak, Mariñak elkarte feministak eta musika eskolak adostu dute izen aldaketa. Helburua Enbilek "Getariako herriaren memoria kolektiboari egindako ekarpen artistikoa" aitortzea izan da.

Getariako Udalak, Mariñak elkarte feministak eta Getariako Musika Eskolak hala adostuta, musika eskolari izena aldatu diote, eta hemendik aurrera Pepita Enbil Musika Eskola izango da. Logoa ere berritu dute, eta Eneritz Tirados Getariako bizilaguna izan da egilea. Astelehenean, azaroaren 22an, Xexili Egunean,  18:30ean egingo dute aurkezpen  ekitaldia musika eskolaren atarian.

Pepita Enbil (Getaria, 1918-Mexiko, 1994) soprano getariarrari omenaldia eginez, plaka jarriko da eta ekitaldi "xumea" egingo dute, musika eskolako ikasleen, gurasoen, irakasleen, udalaren, eta beste hainbaten ekarpenekin.

Azaldu dutenez, izen aldaketa honen helburuetariko bat herriko musikarien figura berreskuratzea izan da, eta "herri bezala zor zaion omenaldia egitea, bere lana eta figura ezagutzera emanez".  Arduradunen hitzetan, "balioan jarri nahi izan da Getariako herriaren memoria kolektiborako bere ekarpen artistikoa, harrigarria baita zein gutxi ezagutzen den soprano honen  figura eta bizitza".

Enbil, Getariatik Parisera eta mundu zabalera

Prentsa oharrean gogoratu dutenez, Pepita Enbil Getarian jaio zen 1918an, "eta bizitza osoan izan zuen musikarekin harreman estua". Donostiako Kontserbatorioan ikasi  zuen, eta handik Donostiako Orfeoira egin zuen salto. Eusko Abesbatza eta Eresoinka abesbatzetan aritu zen. Gerora, Parisera joan zen musika ikasketak hobetzera;  eta harrez geroztik, operetako abeslari gisa aritu zen munduko hainbat txokotan, hala nola, Madrilen (Espainia), Kuban, Puerto Ricon, Venezuelan, eta Mexikon. Azken herrialde horretan, bere familiarekin batera konpainia propioa eratu zuen; eta bertan jaso zuen  Zarzuelaren Erregina titulua, 1966an. Placido Domingo opera abeslari ezagunaren ama 1994an zendu zen, Mexikon.

Getarian, aurrez ere oroitu izan dute Enbil. Duela bizpahiru urte, esaterako, haren izena zuen ziklo musikala egin zuten musika eskolan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide