Azkenaurreko partaidetza saioa egingo dute ostegun honetan Getarian Elkanoren Lehorreratzeaz

Onintza Lete Arrieta 2021eko azaroaren 17a

Iciar Montejo teknikaria, azaroaren 4ko saioan (Onintza Lete Arrieta)

Getarian Elkanoren Lehorreratzeaz herritarrekin eta eragileekin egiten ari diren partaidetza saioak amaitzear dira. Ostegun honetan, hilaren 18an, azkenaurreko saioa egingo dute, eta azkena, berriz, abenduaren 2an izango da.

Hil hasieran egin zuten Mintzodromoa, hau da, elkarrizketa saio irekia, eta han parte hartu zutenekin eta talde txikietan parte hartzen ari direnekin egingo dituzte azken bi saio horiek.

Zorione Aierbe eta Iciar Montejo dira parte hartze prozesuko teknikariak, eta nabarmendu dutenez, orain arte parte hartu ez duten getariarrei ere zabalik dago azken bi saioetan parte hartzeko aukera.

Orain arte, hiru galderaren inguruan aritu dira lanean taldeekin, Aierbek azaldu duenez: "Aurreneko galdera zen ea bakoitzarentzat zer den Elkanoren Lehorreratzea. Eta ondorioztatu duguna da Lehorreratzea bizitzeko modu desberdinak daudela, eta aniztasun hori aberatsa dela. Bigarren galdera zen ea zer den Lehorreratzetik mantenduko genukeena, eta besteak beste, partaideek esan dute barkuak iristen direneko momentua dela onena, eta herri partaidetzak ematen dion indarra.

Hirugarren galderarekin, berriz, Lehorreratzeaz zer birpentsatuko luketen jakin nahi izan dute antolatzaileek. "Eta hortik ondorioztatu dugu orain 100 urte erabaki zen bezala zer kontatu, zer ez, eta nola kontatu, orain dela garaia pentsatzeko hemendik aurrera zer eta nola kontatu nahi dugun".

Atera dituzte ondorio gehiago ere, eta horiek lantzen jarraituko dute ostegun honetako saioan. Azken bigarren saioa izango da hori, 18:00etan udaletxean, eta azkena, abenduaren 2an, toki eta ordu berean egingo dute.

Bestalde, ostegun honetan bertan, beste saio bat egingo dute herrian bizi diren atzerritarrekin. 15:00etatik 17:00etara izango da saio hori.

Herritarren arrazoiak prozesuan parte hartzeko

Azaroaren 4an egin zuten Mintzodromoa, eta han parte hartu zuten herritarretako bi dira Mertxe Mendizabal eta Haritz Esteban.

"Udalak herritarrak prozesu honetan parte hartzera deitu zituen, eta pentsatu nuen deia eginez gero, eta libre nengoenez, parte hartzea. Gainera, gustatu egiten zait gure herritar baten balentriaren inguruko gaietaz jardutea", azaldu du Mendizabalek.

Mertxe Mendizabal

Aitortu du ikasi ere egin duela partaidetza bilera hauetan, baina lehendik ere, "jakin-mina beti" izan duela, eta bazuela historiaren berri, eta horretaz libururen bat irakurritakoa ere badela. "Beharbada, ez neukan askorik hausnartuta gaiaz, soilik folklore edo antzezlan gisa".

Estebanek, berriz, esan du beti eskatu izan duela berak halako gauzetan herritarrek parte hartu ahal izatea, eta "behingoz aukera hori eman denez", parte hartzea eta iritzia ematea beharrezkoa irizten ziola. "Aprobetxatu behar da herritik sortzeko zerbait herriarentzat".

Haritz Esteban

"Kontakizun bakar baten gainean sortu zaizkigun galdera berriak eta erantzunak bilatzen ari naiz neu; inork kontatu gabeko gauzak ikasten ari gara, esaterako, Elkano Fundazioak egindako lanari esker. Eta ikusten ari gara beti kontatu diguten hori egiaren parte bat bakarrik dela", azpimarratu du. "Ezin da ukatu antzezlana sortu zutenean duela 100 urte, bertan azaltzen den ikuspuntua zutela orduko herritarrek, baina orain, beste begirada batetik ikusten dugu mundua eta bestelako gizarte batean bizi gara".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide