Elikadura sistema hornitzen duena arrantzaren sektorea dela jakitun, gai horren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Bizilur eta Ondarroa 12 milia elkarteek, Getariako Kofradiaren eta udalaren laguntzarekin. Azaroaren 19an, 20an, 26an eta 27an arituko dira "herriko sektore sozio-ekonomikoaren garrantzitsuenetariko baten oraina eta etorkizunaren inguruko askotariko ikuspegiaz".
Hitzaldi, mahai-inguru, tailer, ikus-entzunezkoen emanaldi eta bisitez osatutako egitarau zabala antolatu dute horretarako. Horietan parte hartuko dute instituzio ezberdinetako ordezkariek, nazioarteko adituek, eragileek, eta gai horren bueltako egitasmoetan murgilduta dauden herritarrek, tartean, getariarrek. Hala nola, Gaizka Gorostiagak, Yurre Peñagarikanok, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak eta Haritz Alberdi alkateak.
Jardunaldien inguruko xehetasunak eta egitaraua Getariako Udalaren webgunean bildu dituzte. Jardunaldietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, helbide honetan.