Asteazkenean zabalduko dute Sahatsaga eta Herrerieta lotzen dituen bidea

Amaia Urbieta Arruti 2021eko azaroaren 11

Bi norabidetako bidea da, eta ezingo da bertatik 30 km orduko baino azkarrago ibili. Ibilgailu astunek ezingo dute erabili.

Sahatsaga eremuan etxebizitzak egiteko sinatutako hitzarmenean jaso zen bezala, Sahatsaga kalea Herrerieta kalearekin lotzeko bide zati berri bat eraikitzen jardun dira azken hilabeteetan Getarian, eta asteazkenean erabilgarri egongo da. Izatez, Potzuagako eremuan etorkizunean egitekoak diren etxebizitzen urbanizazio lanen parte da bide hori, baina 2014an sinatu zen hitzarmenean egoki ikusi zen lanak aurreratzea. Horretarako, 240.000 euro aurreratu zituen Getariako Udalak.

Aurreko agintaldiko Udal Gobernuak erabaki zuen bi norabideko bidea izango dela eta gehienez 30 km orduko abiaduran ibili ahal izango dela. Haritz Alberdi alkatearen arabera "ondo hartutako erabakia" izan zen hura, eta egungo Udal Gobernuak exekutatu egin du. Bi norabidetako pasabidea "herritarrei oinarrizko zerbitzuetara iristeko modua errazteko" dela adierazi du alkateak, "umeak eskolara hurbiltzerakoan, esate baterako".

Bidearen albo batean espaloi bat eraiki dute, eta herritik kanposanturako oinezkoen bidea ere moldatu egin dute. Horrez gain, hasierako proiektuan aurreikusi ez bazen ere, zebra bideak espaloiaren mailan jartzea erabaki du udalak "alde batetik, irisgarritasuna hobetu eta oinezkoak beti maila berean ibil daitezen, eta bestetik, autoen abiadura moteltzen lagundu dezan". Bestalde, ibilgailu astunek ezingo dute bide berria erabili.

Lanek 264.000 euroko kostua izan dute guztira, "zenbait hobekuntza egin direlako eta datozen esku hartzeetarako ezinbestekoak izango diren telekomunikazio sistemak sartu direlako". Potzuagan etxe berriak egiten direnean, aurreratutako diru hori berreskuratzeko aukera izango duela jakinarazi du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide