Liburu batean jaso dute Salbatore Deuna Abesbatzaren historia

Amaia Urbieta Arruti 2021eko azaroaren 11

Getariako musika elkartearen mendeurrena ospatzeko plazaratu dute lana. Hainbat abesbatzak kontzertuak eskainiko dituzte datozen asteetan Salbatore Deuna parrokian

Lan boluntarioa eta profesionala uztartuta plazaratu berri dute Getariako Salbatore Deuna Abesbatzaren ehun urteko ibilbidea jasotzen duen liburu mardula: Salbatore abesbatza, ehun urte kantuz-Ahotsen katedrala. Xibarit argitaletxearen zigilupean atera dute lana elebitan, eta Joseba Urretabizkaia editore eta argazkilariaren eta Alvaro Bermejo historialariaren artean ondu dute. Jasotako hitz eta irudiek liburu «konpletoa» osatzen dutela azaldu du Urretabizkaiak.

Oraindik liburu dendetan ez dagoen arren –astelehenetik aurrera egongo da eskuragarri–, atzo goizean aurkeztu zuten lana Getariako Salbatore Deuna parrokian. Bertan izan ziren abesbatzako kideak nahiz hainbat ordezkari politiko. Besteak beste, Emeterio Urresti abesbatzako partaide eta proiektuaren sustatzaileak hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkien Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Getariako Udalari, Kofradiari eta liburu hori sortzea posible egin duten herriko gainontzeko elkarteei.


Ikus-entzunezko labur bat jarri zuten segidan, abesbatzak izan dituen zuzendarien argazkiekin eta gaur egungo kideenekin. Hainbat herritan emandako kontzertuetako irudiak eta taldeko argazkiak ere jarri zituzten, aurkezpenean zeudenen gozagarri.


Abesbatza baino gehiago

Bermejo historialariak esan zuen orrietan jaso dutena Salbatore Deuna Abesbatzaren historiaz gain, «Salbatore Deuna parrokiaren, Getariaren eta Gipuzkoaren historia» ere badela. Historialariek Getarian topatu duten organorik zaharrenaren arrastoa XVI. mende hasierakoa da, eta Bermejok azaldutakoaren arabera, «organo bat dagoen lekuan, abesbatza bat dago». Argitalpena mendeurrenaren harira plazaratu duten arren, beraz, litekeena da getariarrak duela ehun urte baino lehenagotik aritzea modu antolatuan kantuan.

Bermejok nabarmendu du abesbatzak «komunitatea sortzen lagundu» izan duela, eta goraipatu egin du hainbat eta hainbat herritarrek egindako lana musikaren transmisioan eta gazteei kantuan irakasten. Gaineratu du «borondatearen sua» dela Salbatore abesbatzaren arima.

Gaur egun, adineko jendeak osatzen du gehienbat abesbatza. Hala ere, oso gustura joaten dira denak beti entseatzera, eta hori bera nabarmendu du Nikolas Larrañaga abesbatzako kideak. «Segi dezagun horrela», esan du. Haritz Alberdi alkateak jarraipen horretan jarri du itxaropena, eta «kimu berriak sortzearen esperantza» izan du ahotan, besteak beste.

Mari Jose Telleria aldundiko Kultura Saileko zuzendariak, berriz, liburuaren atzean dagoen ahalegina nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie horretarako lanean aritu direnei. Esker hitzak izan ditu ahotan Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aholkulari Joxean Muñozek ere, eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan abesbatzek egiten duten lana txalotu du. «Zuek bezalako jendeari esker dagoen altxorra dira», gaineratu du, bertaratutakoei zuzenduta.

Kontzertuak

Mendeurrena ospatzeko, Gipuzkoako hainbat abesbatzaren emanaldiak izango dira datozen asteetan Salbatore Deuna parrokian. Sarrerak salgai daude Getariako Turismo Bulegoan.

Etzi, larunbata
20:30. Andra Mari Abesbatza.
Azaroak 21, igandea
12:30. Salbatore Deuna.
Azaroak 26, ostirala
20:30. Easo abesbatza.
Azaroak 27, larunbata
20:30. Eragiyok abesbatza.
Abenduak 11, larunbata
20:30. Zarautz abesbatza.
Abenduak 18, larunbata
20:30. Landarbaso abesbatza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide