Fintasuna, xehetasuna eta dotorezia

Amaia Urbieta Arruti 2021eko urriaren 31

2022ko maiatzaren 8ra arte egongo da ikusgai 'Kapelaren dotorezia' erakusketa Getariako Balentziaga museoan. Getariarraren 87 kapela "adierazgarrienekin" osatu dute, eta "helburu didaktikoa" ere baduela azaldu dute.

Erakusketa berria inauguratu zuten ostiralean Getariako Balentziaga museoan: Kapelaren dotorezia. Izenak berak ongi adierazten duen moduan, lan monografikoa egin dute oraingoan museoko arduradunek, Bartzelonako Museu del Disseny-rekin elkarlanean. Erakusketaren xehetasunen berri eman zuten prentsaren aurrean Miren Vives museoko zuzendariak, Igor Uria komisarioak eta Museu del Disseny-ko arduradunek.

Vivesek bere hitzartzean azaldu zuen "kapelagintzari omenaldia" egin nahi izan diotela. Izan ere, kapela gaur egun osagarritzat hartzen den arren, lehen pertsonaren siluetaren parte zela azaldu du: "egoteko modu bat zen, zeure burua gizartean aurkezteko modu bat".

Balentziagaren 87 kapela hautatu dituzte guztira erakusketa osatzeko. Lan handia izan dute erakusketaren arduradunek, 500 sorkuntzaren artean aukeratu behar izan baitute. Azaldu dutenez, Balentziagaren lanaren piezarik "adierazgarrienak" hautatu dituzte. Horietatik bederatzi beren jantziekin batera daude ikusgai erakusketan, eta gainontzekoen kasuan, kapela soilik jarri diote maniki buruari. Azaldu zutenez, kapelaren eta ikuslearen arteko "elkarrizketa" bilatu dute, horregatik, gutxi gorabehera begien altueran kokatu dituzte kapelak. 

Moda diseinatzaile getariarraren sorkuntza aurkezteaz gain, erakusketa "didaktikoa izatea" ere bilatu dute. Azaldu zuten Balenciagak kapela mota ezberdin asko diseinatzen zituen arren, bost multzotan sailka daitezkeela: Pillboxa, kasketa, pamela, turbantea eta txapela. Kapela mota bakoitzaren inguruko informazioa jaso dute erakusketako hormetan hainbat hizkuntzatan, eta pieza protagonistez gain, beste hainbat elementu ere topa daitezke, hala nola fakturak, kapelak gordetzeko kaxak edota konfekzio tresnak. 

Mimoz eta xehetasun txikiena zainduta atondu dute erakusketa, goi mailako joskintzak garai batean zuen fintasuna eta piezen ezaugarriak ondo islatzeko. Gaiaren inguruan gehiago jakin nahi duenak eta modaren historiari norabide berria eman zioten kapela deigarriak ikusi nahi dituenak 2022ko maiatzaren 8ra arte edukiko du horretarako aukera. 

Aurkezpenean izan zen erakusketaren katalogoan kolaboratu duen eta kapela sortzaile ezaguna den Philip Treacy ere. Argitalpena katalanez, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez plazaratu dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide