Lehorreratzeaz herritarrekin hitz egiteko Mintzodromoa egingo dute Getarian azaroaren 4an

Onintza Lete Arrieta 2021eko urriaren 29a

Datorren urtean 100 urte beteko dira Elkanoren Lehorreratzea aurreneko aldiz irudikatu zutenetik, eta udalak herriko eragileekin eta norbanakoekin hausnarketa abiatu du. Hainbat bilera egin dituzte jada eragileekin.

Elkanoren Lehorreratzea 1922. urtean irudikatu zuten getariarrek aurreneko aldiz herriko kaleetan zehar.  Mendea beteko du, beraz, antzezlan berezi horrek, datorren urtean. Horregatik, udalak Lehorreratzearen urteurren hori baliatu nahi du "antzezlanari buruzko herri-elkarrizketa eta hausnarketa egiteko eta etorkizuneko oinarriak jartzeko".

Jada egin dituzte zenbait bilera eragileekin, eta datorren asterako Mintzodromoa antolatu dute. Herritar orok parte hartzeko aukera edukiko du elkarrizketa foro horretan, ekarpenak egiteko. Udaletxean jarri dute hitzordua, azaroaren 4an, osteguna, 18:00etan, eta interesa duenak aurrez eman beharko du izena 943-14 09 57 telefono zenbakira deituta.

Udalak zehaztu du orain arteko bileretan parte hartu duten guztiak ere gonbidatuta daudela Mintzodromora.

Horrez gain, aurreratu du aurrena herri-elkarrizketa prozesua zein puntutan dagoen azalduko dutela osteguneko saioan, eta ondoren, fokua kontakizuna eguneratzearen aukeran jarriko dutela. Elkano Fundazioak azken urteetan egin diren hainbat ikerlanen emaitza azalduko du, eta, ondoren, parte hartzaileekin lanketa egiteko unea izango da, "kontakizunaren moldaketan zentratuta".

Prozesuaren amaiera bidean

Hausnarketa prozesuan "sakoneko elkarrizketak" egin direla azaldu du udalak, eta orain arte jasotako erantzunarekin gustura agertu da: "Azken urteotan Elkanoren irudiaren eta bidaiaren inguruan zer aurkikuntza berri egin diren jakiteko gogoa agertu dute herritarrek, eta Lehorreratzeak egiten duen kontakizuna egokitzeko beharra azaleratu da, azken urteetako ezagutza berriak txertatuz".

"Parte hartze foroetatik ateratako ondorioei esker, etorkizunean ekitaldia herritarren nahien arabera diseinatu ahal izango da eta, hala badagokio, beharrezko egokitzapenak egin ahal izango dira", gaineratu du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide